200 orrialde baino gehiagoko lanak 37 artistaren testigantzak eta argitaragabeko 190 argazki biltzen ditu

DURANGO – Jose Julian Bakedano durangarrak, 78 urterekin, bere sormen sena bizi-bizi duela erakutsi du berriro. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariorde ohiak ‘Para conocer a Oteiza’ lana aurkeztu du astearte honetan Durangoko Arte eta Historia Museoan, Mikel Onandia EHUko irakasle eta erakusketa-komisarioarekin batera.
Liburuak Jorge Oteiza eskultore gipuzkoarraren soslai anitz eta gizatiarragoa biltzen du, bere ibilbidea gertutik ezagutu zuten edota bere pentsamenduaren eragina jaso zuten 37 artistaren, arkitektoen, idazleen eta musikarien testigantzen bitartez.
Urte eta erdiko ikerketa-lanaren ostean, Bakedanok unibertso oteiztarraren ikuspegi dibulgatzailea eta akademizismotik urrunekoa lortu du 200 orrialde baino gehiagotan. Gainera, lanak balio dokumental handia du, Alzuza Fundazioan eta senitartekoen artean arakatu ondoren lortutako 190 argazki biltzen baititu, asko argitaragabeak.


