Establezimenduek txartelak banatuko dituzte bezeroen artean, eta saritutakoek Jauregibarriako argien parkerako sarrera bana izango dute

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak doako 1.000 sarrera jarriko ditu herriko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduen eskura, Gabonetan Jauregibarrian jarriko den argien parke magikoa bisitatzeko. Sarrerak txartelen bidez banatuko dira, eta establezimenduek Gabonetako kanpainan herriko saltokietan erosketak edo ostalaritza-establezimenduetan kontsumizioak egiten dituzten pertsonei emango dizkiete txartel horiek.
Horretarako, establezimenduek saridun eta saririk gabeko txartelak jasoko dituzte. Saridun txartela eskuratzen duten pertsonek argien parkeaz gozatzeko sarrera bana lortuko dute.
Ekimen honen bidez, Udalak tokiko kontsumoa sustatu nahi du Gabonetan, udalerriko merkataritza- eta ostalaritza-jarduera dinamizatu eta, aldi berean, Gabonetako egitarauko proposamen nagusietako bat herritarrei hurbildu.
Horrela, Amorebieta-Etxanoko establezimenduetan erosketak eta kontsumizioak egiteak pizgarri gehigarri bat izango du, Gabonetako giroa sustatzen eta udalerriko jarduera ekonomikoa indartzen lagunduz.


