Kontratazioek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta udalerriko espazio publikoen eta berdeguneen mantentze-lanak indartzea izango dute helburu

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak kontratazio-prozesu berri bat jarriko du abian 2026ko Enplegu Planaren baitan, herriko enplegua sustatzeko eta langabezian dauden pertsonei lan-aukera berriak eskaintzeko helburuarekin.
Deialdi honetan, guztira 9 pertsona kontratatuko dira: 8 peoi eta taldeko arduradun bat. Kontratatutako pertsonek Amorebieta-Etxanoko espazio publikoen eta berdeguneen mantentze-lanekin lotutako zereginak beteko dituzte. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi duten pertsonek Lanbideren webgunean argitaratutako lan-eskaintzen bidez eman beharko dute izena. Izena emateko epea azaroaren 30era bitarte egongo da zabalik, azken hau barne.
Eskainitako lanpostuetako bat eskuratu ahal izateko, hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:
- Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
- Amorebieta-Etxanon gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin erroldatuta egotea.
- Taldeko arduradunaren lanposturako, B motako gidabaimena izatea.
- Azken 12 hilabeteetan Amorebieta-Etxanoko Udalarekin lan-kontraturik izan ez izana.
Era berean, hautagaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute: NANaren edo AIZren kopia, DARDE (EABA) agiria, lan-bizitzaren txostena eta, hala badagokio, B motako gidabaimenaren kopia.
Enplegua
Deialdi berri honen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko langabeen laneratzea sustatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko ekimenak bultzatzen jarraitzen du.
Lan-merkatuan sartzeko aukera eskaintzeaz gain, kontratazio hauek espazio publikoen eta berdeguneen mantentze- eta kontserbazio-lanak hobetzen jarraitzeko aukera emango dute, herriko ingurunea zaintzen eta herritarren ongizatea hobetzen lagunduz.
Udalak hautaketa-prozesuan parte hartzera animatzen ditu interesa duten pertsonak, eta gogorarazten du informazio gehiago eskuratu daitekeela Udal Enplegu Bulegoan, San Migel kalea 3an, edo 94 630 00 02 telefono-zenbakira deituta (1402 luzapena).


