DOT Durangaldea

Durangoko Master Seriesak zesta-puntako izar handienak bilduko ditu abenduan Ezkurdin

Gizonezkoen Master Serieseko lau bikote lehiatuko dira Durangon eta emakumezkoen Jai Alai League denboraldiko lehen proba ere bertan hasiko da

Partidak abenduaren 4an hasiko dira

PILOTA | Durangoko Ezkurdi pilotalekuak goi-mailako zesta-punta hartuko du abenduan, Durangoko Master Seriesarekin. Lehen aldiz, txapelketa urteko azken hilabetean jokatuko da, eta Jai Alai Leaguerako puntuagarria izango da, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan.

Gizonezkoen lehian, egungo puntista onenen artean dauden lau bikote arituko dira: Barandika-Atain, Erkiaga-Basque, Urreisti-Lekerika eta Johan-Oyhenard. Zortzi pilotariak Eusko Label Winter Series txapelketa jokatzen ari dira egunotan, eta sasoi betean iritsiko dira Durangoko hitzordura.

Finalerdietako batean, Barandika eta Atain Urreisti eta Lekerikaren aurka ariko dira. Bestean, Erkiaga eta Basque Johan eta Guillem Oyhenard izango dituzte aurrean. Kartelak, beraz, maila handiko lehia eskainiko du Ezkurdin.

Emakumezkoen Jai Alai

Emakumezkoen kategorian ere hitzordu berezia izango da Durangokoa: 2026ko Jai Alai League denboraldiko lehen proba Ezkurdin jokatuko da, eta etxeko pilotaria den Helena Barrenetxea izango da protagonistetako bat.

Lau bikotek parte hartuko dute: Helena-Arai, Elaia-Frida, Erika-Eneritz eta Maite-Oaia. Txapelketaren helburua denboraldiko amaierako Final 4rako sailkatzea izango da, eta Durangoko proban hasiko dira puntuak banatzen. Irabazleek 1.000 puntu eskuratuko dituzte; bigarren sailkatuek, 600; eta hirugarren eta laugarren bikoteek, 360na.

Durangokoaren ondoren, Berriatuako proba izango da emakumezkoen Jai Alai Leagueko bigarrena.

Hiru jaialdi abenduan

Txapelketak hiru hitzordu izango ditu, guztiak 19:00etan:

  • Abenduak 4, ostirala: lehen finalerdiak. Elaia-Frida vs Helena-Arai eta Barandika-Atain vs Urreisti-Lekerika.
  • Abenduak 11, ostirala: bigarren finalerdiak. Erika-Eneritz vs Maite-Oaia eta Erkiaga-Basque vs Johan-Oyhenard.
  • Abenduak 19, larunbata: finalak, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan.

Hiru jaialdietarako bonua 30 euroan dago salgai. Bestalde, finalerdietarako sarrerak 12 eurokoak dira, eta finalerakoak 16 eurokoak. Sarrerak eta bonuak www.eramanjaialai.com webgunean eskura daitezke.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top