DOT Durangaldea

Balmasedako Udalak zazpi gazte kontratatuko ditu urtebeterako

Lanbideren laguntzari esker, sare sozialen dinamizazioan, lan-orientazioan, etxebizitza-kudeaketan eta administrazioan aritzeko lanpostuak eskainiko ditu

Azaroaren 10era bitartean egongo dira argitaratuta Lanbideren webgunean

BALMASEDA | Udalak 30 urtetik beherako zazpi gazte kontratatuko ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko dirulaguntza-deialdiaren barruan. Kontratu guztiek 12 hilabeteko iraupena eta lanaldi osoko jarduna izango dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 programaren esparruan kokatzen dira.

Eskainiko diren lanpostuak honako hauek dira: sare sozialetako dinamizatzaile bat, lan-orientatzaile bat, etxebizitza-kudeaketako teknikari bat (aholkulari juridikoa), etxebizitzako gizarte-bitartekaritzako teknikari bat (gizarte-langilea), proiektu-teknikari bat eta administrazio eta finantzetako goi-mailako bi teknikari.

Hautagaiek 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izan beharko dituzte, langabezian egon eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda eduki beharko dute, dagokion lanpostuarekin bat datorren prestakuntza-mailarekin. Horrez gain, Gazte Bermearen Sisteman izena emanda eta onuradun izan beharko dute.

Eskaintzak azaroaren 10era arte

Lan-eskaintzak Zallako Lanbideren bulegoak kudeatuko ditu, azaroaren 10era bitartean egongo dira argitaratuta Lanbideren webgunean. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko interesa duten eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen curriculumak bidaliko dizkio Lanbidek Udalari.

Profil bakoitzean berdinketarik egonez gero, lehentasuna izango dute Balmasedan bizi direnek; ondoren, DSBEaren titular edo onuradunek; eta, hirugarrenik, 30 urte betetzetik gertuen dauden hautagaiek. Azkenik, gainerako baldintzak betetzen dituzten gazteak hartuko dira kontuan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top