Gabonetako oporretan bost eguneko jarduerak eskainiko dituzte Zelaieta zentroan, abenduaren 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 4an eta 5ean

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak azaroaren 4an irekiko du Neguleku Irekiak 2026 programan izena emateko epea. Gabonetako oporretan Zelaieta zentroan egingo den aisialdi-programa 2016 eta 2022 artean jaiotako haurrei zuzenduta dago, eta bost jardunaldi eskainiko ditu: abenduaren 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 4an eta 5ean. Ekimenaren helburua da, batetik, haurrei oporraldian aisialdi hezitzaileaz gozatzeko aukera eskaintzea eta, bestetik, familien kontziliazioa erraztea.
Aurtengo edizioa «Bazen behin» gaiaren inguruan antolatuko da. Haurrek jolasetan, tailerretan eta bestelako jarduera ludiko eta hezitzaileetan parte hartuko dute. Egitarauaren barruan, BECeko Gabonetako Haur Parkera irteera ere egingo dute. Jardueren egitarau osoa udalaren webgunean kontsultatu ahal izango da.
Programak txanda bakarra izango du, 9:30etik 13:30era, eta parte-hartzaileak bi adin-taldetan banatuko dituzte: 2019 eta 2022 artean jaiotakoak, batetik, eta 2016 eta 2018 artean jaiotakoak, bestetik. Familien kontziliazioa errazteko, zaintza-zerbitzua ere eskainiko dute 9:00etatik 9:30era eta 13:30etik 14:00etara. Zerbitzu hori izena emateko unean eskatu beharko da.
Izen-emateak
Interesa duten familiek azaroaren 4tik 18ra egin ahal izango dute izen-ematea, udalaren webgunearen bidez edo aurrez aurre, Gazte Informazio Bulegoan. Ordutegia 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da.
Eskaera banaka edo gehienez hiru haurrez osatutako taldeetan aurkeztu ahal izango da, baina haur bakoitzak bere izen-emate orria bete beharko du. Hala ere, taldean izena emateak ez du bermatuko haur guztiak jarduera-talde berean egotea, taldeak ikasturtearen arabera osatuko baitira. Programan parte hartzeko, Ametx txartela aktibatuta izatea ezinbestekoa izango da.
Plazak mugatuak izango dira, eta eskaera kopuruak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa bidez esleituko dituzte. Plazarik lortzen ez duten haurrak itxaron-zerrendan sartuko dira. Dibertsitate funtzionala duten eskatzaileen kasuan, programan parte hartzeko adin-tartea bi urtez malgutzeko aukera ere aurreikusi da.
Prezioa eta hobariak
Parte hartzeko prezioa 54,50 eurokoa izango da haur bakoitzeko. Udal-ordenantzak, hala ere, hainbat hobari aurreikusten ditu: familia-errentaren araberako murrizketak eta anai-arrebentzako deskontuak, bigarren anai-arrebarentzat % 20koa eta hirugarrenarentzat % 30ekoa, dagokionaren arabera.
Hobariak eskatu nahi dituzten familiek izen-emate epearen barruan egin beharko dute eskaera, eta diru-sarrerak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Izapidea Herritarren Arreta Zerbitzuan egin beharko da.
Neguleku Irekiak programaren edizio berri honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskola-oporretan aisialdi hezitzailea eskaintzen jarraitu nahi du, eta, aldi berean, familiei lana eta familia-bizitza uztartzeko baliabide bat eskaini.


