DOT Durangaldea

Zallako bi suhiltzaileek hirugarren postua lortu dute munduko erreskate-txapelketan

Alex Graña eta David Castro Zallako suhiltzaileek World Rescue Challenge 2026 txapelketan eskuratu dute podiuma

Alex Graña eta David Castro

ZALLA | Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak (SPEIS) hirugarren postua lortu du 2026ko World Rescue Challenge (WRC) munduko txapelketan, biktima anitzeko istripuen kategorian (Mass Casualty Incident). Alex Graña eta David Castro izan dira saria eskuratu dutenak; Zallako suhiltzaileak dira, eta zerbitzuko osasun-taldeko prestatzaile gisa egiten dute lan.

Azaroaren 18tik 23ra bitartean jokatu da txapelketa, Brasilgo Rio de Janeiron, eta 25 herrialdetako 70 talde baino gehiago eta 300 profesional inguru bildu ditu. World Rescue Organisation (WRO) erakundeak antolatutako lehiaketaren helburua da errepideko trafiko-istripuetan erreskate-teknikak, traumatismoen arreta eta larrialdietako taldeen koordinazioa hobetzea, kaltetuei erantzun eraginkorragoa eta seguruagoa emateko.

Hiru proba

Bizkaiko taldeak hiru probatan hartu du parte. Lehenengo bietan, trauma estandarrekoan eta trauma konplexukoan, biktima bat edo bi artatu behar izan zituzten. Hirugarren proban, berriz, Portugalgo talde batekin batera aritu ziren; antolakuntzak zozketa bidez esleitu zien taldekide hori.

Azken ariketa biktima anitzeko gertakari baten lehen 20 minutuak kudeatzean oinarritu zen. Larrialdi mota horretan, zaurituen kopuruak gainditu egiten du unean bertan eskuragarri dauden larrialdi-zerbitzuen erantzuteko gaitasuna.

Ariketan, istripuaren tokiko segurtasuna eta larrialdi-baliabideak antolatu behar izan zituzten, biktima guztien lehen triajea egin eta egoera kritikoenean zeuden pertsonak artatu.

Munduko txapelketarako sailkapena aurretik egindako lehiaketa-ibilbidearen emaitza izan da. Bi suhiltzaileak kide diren erreleboak SPEISen errepideko trafiko-istripuetako erreskatearen (RAT) barne-txapelketa irabazi zuen. Garaipen horri esker, Madrilen joan den ekainean egindako Errepideko Istripuetako eta Traumatismoetako Erreskatearen Topaketa Nazionalera (ENRATT) sailkatu ziren. Espainiako larrialdi-zerbitzuetako 21 taldek parte hartu zuten hitzordu horretan, eta Bizkaikoek bigarren postua lortu zuten osasun-taldeen kategorian. Emaitza horrek munduko txapelketarako txartela eman zien.

Prestakuntza

Bizkaiko Foru Aldundiko SPEISek urteak daramatza errepideko trafiko-istripuetako erreskatearen barne-txapelketa antolatzen. Zerbitzuko suhiltzaile-parke guztietako errelebo ugarik hartzen dute parte bertan. Entrenamenduek eta lehiaketek teknikak hobetzeko, ezagutzak partekatzeko eta taldeen arteko koordinazioa lantzeko aukera ematen dute. Ikaskuntza hori benetako esku-hartzeetara eramaten dute gero, suhiltzaileen eguneroko lanean aurki daitezkeen egoera konplexuenetako bati aurre egiteko.

Bizkaiko taldeek urtero parte hartzen dute estatuko txapelketan, eta aurreko munduko edizio batzuetan ere izan dira: 2009an Alemanian eta 2019an Frantzian egindakoetan, hain zuzen. Lehiaketa horietan eskuratutako ezagutzak eta esperientziak zerbitzuko suhiltzaile guztien prestakuntzan txertatzen dira ondoren.

Graña eta Castrok lortutako hirugarren postuak bi suhiltzaileen prestakuntza eta lana aitortzen ditu, baita SPEIS zerbitzu osoak errepideko istripuei eta biktima anitzeko larrialdiei aurre egiteko gaitasunak etengabe hobetzeko egiten duen ahalegina ere.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top