Lehen edizioa irailaren 20an egingo da Mañariko Angurreta Harrobia Arte Espazioan, musika, artea eta bertako produktuak uztartuz

MAÑARIA | Urkiola Landa Garapenak (ULG) Damarena jaialdia aurkeztu du, Durangaldeko landa-lurraldea eta bertako baliabide turistikoak ezagutaraztea helburu duen ekimen berria. Lehen edizio hau irailaren 20an, igandez, egingo da Mañariko Angurreta Harrobia Arte Espazioan. Sarrera doakoa izango da eta udazkeneko ekinozioarekin bat eginez ospatuko da.
Jaialdiaren izenak lotura zuzena du eskualdearekin: kondairak dionez, Anbotoko Damak urtean bitan begiratzen dio haranari, eta egun horietako batean kokatuko da jai hau. ULGko presidente Erramun Osaren hitzetan, «Damarena lurraldeari begiratzeko beste modu bat da. Turismoa landa-garapenarekin lotu nahi dugu, eta Angurreta bezalako lekuak horretarako aukera paregabea dira».
Eguneko egitaraua
-
12:00 — Bisita gidatua: ‘LITOLOGIKA’ Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkum artisten instalazio berria estreinatuko da. Artistek beraiek egingo dute bisita gidatua, eta Victor Arrizabalaga Angurretako bultzatzaileak nabarmendu duenez, harrobiaren historia eta artea uztartuko dira.
(Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea angurretaharrobia.com webgunean).
-
19:00 — Haize Arrosa taldearen kontzertua Berrizko taldeak ikuskizun berezia eskainiko du, sorpresaz eta eskualdeko zein herrialde mailako gonbidatuz betea. EITBk grabatuko du emanaldia. Eneritz Gorritxategi abeslariaren esanetan, «Angurretak eskaintzen duen paisaia eta giroa ez dira ohiko eszenatoki baten modukoak».
Gastronomia eta busa
Egun osoan zehar, bertaratzen direnek eskualdeko produktuak eta edariak dastatzeko aukera izango dute. Antolakuntzak garraio zerbitzua ere erraztuko du: etengabeko autobus doakoa egongo da Mañariko plazatik Angurretaraino joan-etorria egiteko.
Ekimenak Mañariko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo Sailaren babesa du.


