DOT Durangaldea

Sormenez beteko du herria Literatur Amuak jaialdiak

Ohiko ekintzen gain, herritarrek, herriko taldeek eta eskualdeko sortzaileek izango dute aurten protagonismo berezia

Ia hilabeteko egitaraua izango da, urriaren 29tik azaroaren 22ra luzatuko dena

ONDARROA | Inoizko egitarau zabalenarekin dator aurten Literatur Amuak jaialdia. Ondarroako Udalak antolatutako ekimen honek, urtero modura, euskara eta sormena uztartuko ditu eta kultur adierazpide desberdinekin beteko ditu herriko hainbat txoko. Ohiko ekintzen gain, herritarrek, herriko taldeek eta eskualdeko sortzaileek izango dute aurten protagonismo berezia: Pilar Arrieta, Kaiet Bengoetxea, Mikel Etxaburu, Xabat Lertxundi, Ugaitz Alegria, Irene Aranbarri, Ainhoa Etxebarria,  Nerea Gartzia, Joxemari Urteaga, Maren Basterretxea, Bertsutan, Txitxin Potxin, 100 urte Uberan, Zientziaren Giltzak, Tu-K, Artelan, Unanue Udal Musika Eskola, ikastetxeak…

Garrantzitsua da azpimarratzea ekitaldi guztietara heldu ahala sartu ahal izango dela, aforoa bete arte. Salbuespena da bertso bazkaria; sarrerak Turismo Bulegoan edo Antiguako Ama tabernan daude. Ia hilabeteko egitaraua izango da, urriaren 29tik azaroaren 22ra luzatuko dena. Guztira, 14 ekimen egongo dira, Udalaren eta herriko taldeen artean antolatutakoak. Urriaren 29an hasiko da egitaraua, Zientziaren Giltzak elkartearen eskutik. Soinuaren zientzia. Ahots bat mila ahots narrazio musikatua eskainiko dute Maraian atria biolin jotzaileak eta Ugaitz Alegria eta Nerea Gartzia narratzaileek, 18:30ean Kofradia Zaharrean.

Ondarroako Udalak euskarazko sormenaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen du, herrira berton sortutako piezak ekarriz eta herriko artistei Ondarroan bertan plaza bat eskainiz. Literatur Amuak jaialdia dagoeneko urteko kultur agendan ondo finkatuta dagoen jaialdia da eta arlo desberdinetako sortzaile eta zaleei egiten die lekua. Aurten ere, besteak beste, literatura, bertsolaritza, hitzaldiak, zinema, antzerkia, olerkigintza eta ilustrazioa uztartuko ditu.

Aurten ere, Literatur Amuak jaialdiaren baitan programatu dira Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren eta Nanoipuin lehiaketaren sari banaketak ere, urteroko hitzorduak direna. Azaroaren 5ean, eguena, arratsaldeko 18:00etan hasiko da nobela beka sariketaren XXVI. edizioa. Joxemari Urteagak iazko bekatik sortutako liburua idatzi duen Ekaitz Herrera elkarrizketatuko du, Neguberria nobelaren bueltan. Horren ostean, aurtengo bekaren irabazlea ezagutzeko aukera egongo da, Xabier Mendiguren elkar argitaletxeko editorearen eskutik. Amaitutakoan, XV.  Nanoipuin Lehiaketako sari banaketa egingo da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top