DOT Durangaldea

Busturialdeko eta Lea-Artibai eskualdeko 108 odol-emaile handi omendu dituzte Gernika-Lumon

Eskualde bietako 16 udalerritako emaileek 6.079 odol-emate egin dituzte guztira, 2.735 litro odol emanez

Omenaldia Foru plazan hasi zuten, talde-argazkia eginda

KOSTALDEA | Gernika-Lumon omenaldia egin zieten barikuan Busturialdeko eta Lea-Artibai eskualdeko 108 odol-emaile handiri, odola ematen egindako ibilbidea eta eskuzabaltasuna aitortzeko. Eskualde bietako 16 udalerritako emaileak izan ziren deituak, eta gehienak bertaratu ziren ekitaldira.

Omenaldia Foru plazan hasi zuten, talde-argazkia eginda. Ondoren, Elai Alai areto nagusira joan ziren ekitaldiarekin jarraitzeko. Bien bitartean, odol-autobusa ohiko tokian egon zen, plazaren alboan, eta arratsaldean 26 odol-emate jaso zituen.

Omenatutako 108 emaileetatik 27 emakumeak dira eta 81 gizonak. Emakume gazteenak 44 urte ditu, eta gizon gazteenak 33. Guztien artean, orain arte 6.079 odol-emate egin dituzte, hau da, 2.735 litro odol eman dituzte. Emaile guztiak aktibo daude.

Jatorriari dagokionez, 49 Gernika-Lumokoak dira, 20 Bermeokoak eta 16 Lekeitiokoak. Horiez gain, hiru Ispasterkoak, hiru Eakoak eta hiru Busturiakoak dira; bi Aulestikoak, eta gainerako herrietakoak bana. Ohiko odol-emateak Gernika-Lumon, Mundakan, Bermeon, Lekeition eta Ispasterren egoten diren autobusetan egiten dituzte, baita Maier eta Losal enpresetan ere.

Ezinbesteko ekarpena

Osakidetzaren Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (CVTTH-TGEEZ) antolatu zuen omenaldia, bertoko Odolkideak elkartearen, Gernika-Lumoko Udalaren eta Kultur Etxearen laguntzarekin. Erakundeetako ordezkaritzan Laura Biritxinaga zentroko zuzendari medikoa eta emaileen jatorrizko 16 udalerrietako 12 udal-ordezkari izan ziren.

Ekitaldiaren hasieran, Biritxinagak eskerrak eman zizkien emaileei egindako ekarpenagatik. Azaldu zuenez, odol-emateak ezinbestekoak dira laborategiko prozesua abiarazteko eta, ondoren, odolaren osagai bakoitza osasun-sisteman tratamenduetarako erabili ahal izateko. 40 eta 50 emateko muga gainditu dutenen eskuzabaltasuna eta fideltasuna ere nabarmendu zituen.

Halaber, odola eman ondoren laborategian egiten den prozesua azaldu zuen, baita odolaren hemoderibatuek osasun-sisteman dituzten erabilerak ere. Mezu argia utzi zuen: odola ezin da fabrikatu; eman egin behar da.

Ondoren, alkateek eta udal-ordezkariek emaile handien diploma pertsonalizatuak eta 40 edo 50 emate egin dituztenei zuzendutako aintzatespenak banatu zituzten, emaileen logo gorria duen giltzatakoarekin batera.

Ekitaldia txalo artean amaitu zen, eta ondoren mokadutxo bat eskaini zieten bertaratutakoei. Giro lasaian, emaileek elkarrekin hitz egiteko eta esperientziak partekatzeko aukera izan zuten. Izan ere, odol-ematea modu anonimoan eta banaka egiten bada ere, horrelako omenaldiek emaileen arteko harremanak sendotzeko eta elkar ezagutzeko balio dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top