DOT Durangaldea

Atxilotu bat eta ikertu bat Iurretan, droga-trafikoko delitu bat egotzita

Ertzaintzak 1,7 kilo marihuana kukuluetan, 2,2 kilo marihuana xehatua, speed-a, hamar pilula eta 7.000 euro baino gehiago aurkitu zituen baratze bateko etxola batzuetan

Operazioa Durangoko ertzain-etxeko patruila batek abisu baten ondoren egindako esku-hartzean gauzatu zen

IURRETA | Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean Iurretan, droga-trafikoko delitu bat egotzita. Horrez gain, 39 urteko beste gizon bat ikertzen ari dira delitu beragatik. Operazioa Durangoko ertzain-etxeko patruila batek abisu baten ondoren egindako esku-hartzean gauzatu zen, Iurretako baratze-eremu batean izandako liskar baten harira.

Arratsaldeko lauak baino lehentxeago bertaratu ziren ertzainek hainbat pertsona identifikatu zituzten, tartean baratzearen jabea. Ingurua ikuskatzen ari zirela, marihuana-landareen adarrak aurkitu zituzten lanabes-etxola bateko hormatik zintzilik. Horren ondorioz, eremuko etxolak sakon miatu zituzten.

Miaketan, 1,7 kilo marihuana kukuluetan, 2,2 kilo marihuana xehatua, 40 gramo speed, hamar pilula arrosa, pisatzeko materiala eta 7.000 euro baino gehiago eskudirutan aurkitu zituzten. Horrez gain, aire konprimituko lau karabina eta munizioa ere atzeman zituzten.

Horren guztiaren ondorioz, baratzearen jabea, Espainiako nazionalitatea duen 41 urteko gizona, atxilotu egin zuten. Bertan zegoen 39 urteko beste gizon bati, berriz, ikertu gisa ireki zizkioten eginbideak, ustez aurkitutako marihuanaren zati bat berea zelako. Ertzaintzaren arabera, azken horrek aurretik bost atxiloketa zituen.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten beharrezko eginbideak egiteko, eta ostiralean epailearen esku utzi zuten.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top