«Lekeitiok euskara behar du» kanpainaren baitan, herriko establezimenduei hizkuntza-ohiturak sendotzeko baliabideak eta aholkularitza eskainiko zaizkie

LEKEITIO | Udalak merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa abiatuko du urrian. Proiektuaren helburua da herriko establezimenduetan euskararen presentzia eta erabilera indartzea, bezeroei euskaraz artatzeko aukerak handitzea eta, aldi berean, establezimenduei baliabide eta laguntza praktikoak eskaintzea.
Egitasmoa Lekeitiok euskara behar du kanpainaren barruan dago. Kanpainak euskarak herriko eguneroko bizitzan duen presentzia indartu nahi du, eta horretarako funtsezkoak dira merkataritza eta ostalaritza. Dendetan, tabernetan eta jatetxeetan euskaraz aritzeko aukerak zabaltzea ere bada euskara Lekeitioko kaleetan bizirik mantentzeko eta erabiltzeko modua.
Proiektuaren lehen fasean, herriko merkataritza eta ostalaritza-establezimenduen egoera ezagutzeko diagnostiko- eta bisita-prozesua egingo da. Besteak beste, hizkuntza-paisaia, bezeroekiko arreta, langileen hizkuntza-gaitasuna eta erabilera, komunikazio digitala eta establezimenduen hizkuntza-irizpideak aztertuko dira.
Diagnostikoa ez da, ordea, ebaluazio hutsa izango. Establezimendu bakoitzaren errealitatetik eta beharretatik abiatuta baliabide zehatzak eskainiko dira, aurrera egiteko aukera errealak identifikatzeko. Besteak beste, euskarazko errotulazioa eta kartelak, menuak, bezeroei harrera egiteko formulak, komunikazio digitalerako baliabideak eta bestelako hizkuntza-baliabideak landuko dira.
Horrela, establezimendu bakoitzak bere egoerari eta aukerei egokitutako urratsak proposatuko ditu, euskararen erabilera eguneroko jardunean pixkanaka indartzeko. Helburua da euskaraz aritzeko aukera gehiago sortzea eta establezimenduei horretarako behar dituzten baliabideak eta laguntza eskaintzea.
Errealitatetik abiatuta
Euskararen erabileran aurrera egiteko ez dago bide bakarra. Establezimendu batzuek dagoeneko euskarazko zerbitzua bermatzeko oinarri sendoak dituzte; beste batzuek, berriz, lehen urratsak egin beharko dituzte.
Horregatik, proiektuak ikuspegi praktikoa eta progresiboa izango du. Helburua da egiten dutena ezagutzea, dituzten beharrak identifikatzea eta hurrengo urratsak elkarrekin zehaztea.
Ildo horretan, egitasmoan parte hartzen duten establezimenduek beren egoerari egokitutako hobekuntza-konpromiso edo ekintza-fitxa bat izango dute. Horrela, egitasmoaren bidez hartutako konpromisoak eguneroko jardunean txertatzeko eta ondoren haien bilakaeraren jarraipena egiteko aukera izango da.
Lekeitioko Udalak gogorarazi gura du hizkuntza-ohiturak aldatzea denon arteko lana dela, eta merkataritza eta ostalaritza funtsezko esparruak direla horretan. Izan ere, herritarren eta bisitarien eguneroko harremanetan euskarak presentzia izatea ezinbestekoa da euskararen erabilera soziala sendotzeko.
Horregatik, Udalak herriko merkataritza eta ostalaritzako establezimenduei egitasmoan parte hartzeko eta prozesuan inplikatzeko gonbita egin gura die.


