Durangaldeko udalerriek eta Aldundiak bultzatutako ideia-lehiaketa honek gazteak ahalduntzea du helburu

AMOREBIETA-ETXANO | Zornotzako Udalak bat egin du aurten ere Gaztekimen ekimenarekin, gazteek parte hartzeko eskualde-programarekin, alegia. Programa honen helburua da Durangaldeko gazteen talentua, sormena eta konpromiso soziala bideratzea, horien artean, gazte zornotzarrena, ideia eraldatzaileen bidez tokiko erronkei erantzuteko.
Gaztekimen 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du, eskualdeko udalekin elkarlanean, Amorebieta-Etxanoko Udala barne. Helburua argia da: gazteak gizarte-eraldaketa inklusibo eta jasangarriaren protagonista bihurtzea.
“Zornotzako gazteek beren ahotsa kontuan hartzen dela eta beren ideiek udalerriko bizitzan benetako eragina izan dezaketela sentitzea nahi dugu. Programa hau kezkatzen dien erronkei irtenbideak proposatzeko eta, batez ere, Amorebieta-Etxanoko etorkizunean aktiboki inplikatzeko aukera bat da”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Parte-hartze prozesua
Parte-hartzea 3 eta 6 lagun arteko taldeetan egingo da. Taldeek beren proposamenak gehienez 20 diapositibako aurkezpen formatuan aurkeztu beharko dituzte, abenduaren 8a baino lehen.
Proiektuak komunitatearen hobekuntz izan behar dute ardatz, berrikuntza, inklusioa, berdintasuna, herritarren parte-hartzea eta eragin soziala bezalako balioak indartuz.
Hau da lehiaketaren egutegia:
- Izena ematea: urriaren 1etik 26ra, inprimaki honetan.
- Proiektuak aurkezteko epea: abenduaren 8ra bitarte, gaztekimen2025@gmail.com helbidera bidalita.
- Tutoretza pertsonalizatuak: 2026ko urtarrilean egingo dira, azken aurkezpena baino lehen.
- Aurkezpena eta sari banaketa: 2026ko otsailean izango da, 10 proiektu finalistek beren ideiak publiko aurrean azalduko dituzte.
- Irabazleen proiektuen zabalkundea: 2026ko irailean egingo da.
Sariak, gazteen konpromisoa bultzatzeko
Epaimahaiak proposamenen kalitatea baloratuko du, honako irizpideen arabera: onura soziala, sormena, parte-hartzearen sustapena, aurkezpenaren argitasuna, inklusioa, berdintasuna eta aniztasuna.
Sariak hauek izango dira:
- 200 € proiektu orokor onenari
- 700 € inklusioa eta aniztasuna hobekien sustatzen dituen proiektuari
- 500 € azken aurkezpen onenari
Gonbidapena
Amorebieta-Etxanoko Udalak gazte zornotzar guztiak animatu nahi ditu Gaztekimen programan parte hartzera:
“Konfiantza osoa dugu gure gazteen gaitasunetan. Haiek dira gure etorkizuna eta gure garapenaren parte. Gaztekimen ez da lehiaketa bat bakarrik, hazteko, partekatzeko eta etorkizuna eraikitzeko benetako aukera bat da”, gaineratu du alkateak.
Informazio gehiago: www.gaztedidurangaldea.eus/gaztekimen edo idatzi: gaztekimen2025@gmail.com