Udalak aste honetan aurkeztu du kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko jarduketak

AMOREBIETA-ETXANO | Zornotzako Udalak 2026-2040 Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Udal Plana aurkeztu du urriaren 8an, osteguna. Dokumentuak datozen urteetan arlo horretan garatuko diren udal lan-ildoak antolatuko ditu. Planak instalazioei, kirol-jarduerari, inklusioari, kirol-klubekiko koordinazioari eta espazio publikoaren erabilerari lotutako jarduketak jasotzen ditu, eta herritarren eta udalerriko kirol-eragileen artean antzemandako beharrei erantzuteko ibilbide-orria ezartzen du.
Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Udal Planak, beraz, jarduketen plangintza mailakatua ezartzen du, epe labur, ertain eta luzerako neurriak jasota. Era berean, planaren garapenaren jarraipena egiteko mekanismoak aurreikusten ditu, bilakaera berrikusi eta lehentasunak unean-unean antzematen diren beharretara egokitu ahal izateko. “Amorebieta-Etxanok kirolaren aldeko apustua egiten du. Kirola egiteko zerbitzu eta instalazioen sare zabala kudeatzen dugu; sare horrek ondo funtzionatzen du, baina hobetzen jarraitu nahi dugu, herritar guztientzat gero eta irisgarriagoa izan dadin”, azaldu du Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak.
Dokumentuaren abiapuntua udalerriko kirol-errealitatearen azterketa da. Gaur egun, Amorebieta-Etxanok 35 kirol-instalazio eta 30 kirol-elkarte ditu, 2.000 kirolari federatu inguru daude eta 5.290 pertsona daude abonatuta Larrea kiroldegian. Errealitate horretatik abiatuta, Planak zazpi ardatzetan antolatzen du udal-jarduera: kirol-sarea eta gobernantza; ekipamenduak zaintzea; espazio berriak eta kalea aktibatzea; inklusioa eta sarbide unibertsala; kirol-kultura aktibo eta osasungarria; nortasuna eta komunikazioa; eta iraunkortasun ekonomikoa.
Alkateak azaldu du dokumentuari esker jarduketak antolatzeko esparru komun bat izango dela. “Planaren helburua lehentasunak ezartzeko eta identifikatu diren beharrei erantzuteko aukera emango digun plangintza izatea da. Instalazioez ari gara, baina baita kirola egiteko aukerez, klubekiko koordinazioaz, aire zabaleko jarduera fisikoaz eta inklusioaz ere”, adierazi du.
Plana informazio teknikoan zein aurretik garatutako parte-hartze prozesuetan oinarritzen da. Ametsetatik Herrira prozesuaren barruan erabiltzaileen 461 erantzun jaso ziren, haien kirol-ohiturak, beharrak eta udalaren kirol-eskaintzari buruzko balorazioa ezagutzeko. Jasotako ekarpenen artean, ordutegi-tarte jakin batzuetan erabiltzaile asko pilatzen direla eta zenbait espazio egokitzeko beharra dagoela adierazi zen. Horrez gain, kirol-klubekin egindako lana eta instalazioen azterketa teknikoa ere hartu dira kontuan.
“Parte-hartzeak zerbitzuak nola erabiltzen diren eta zer behar dauden jakiteko informazio zehatza ematen digu. Informazio hori, azterketa teknikoarekin eta klubekin egindako lanarekin batera, Planeko jarduketak antolatzeko oinarria izan da”, gaineratu du alkateak.
Aurreikusitako jarduketak
Dokumentuak jasotzen duen lehen esku-hartzeetako bat Larreako gimnasioa handitzea da. Gaur egungo 404 metro koadroetatik 757 metro koadrora igaroko da, dena solairu bakarrean. Espazioak 125 kirol-makina inguru izango ditu; horietatik 77 berriak izango dira, eta 48 inguru berrerabili egingo dira. Aurreikusitako banaketaren arabera, 155 metro koadro kardiorako izango dira, 514 muskulaziorako eta 86 gorputzaren pisuarekin ariketak egiteko.
Planak egungo padel-pistak ordezkatzea ere jasotzen du, araudira egokitutako eta estalitako bi pista berri eraikitzeko. Helburua urte osoan erabilera-baldintza egonkorragoak eskaintzea da. Jarduketak drainatze- eta elektrizitate-lanak, inguruaren urbanizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak ere hartuko ditu barne.
Aurreikusitako beste esku-hartzeetako bat Txolongo futbol-zelaian egingo da; instalazioa 600 pertsona inguruk erabiltzen dute astero. Jarduketa bi fasetan garatuko da. Lehenengo fasea 2027ko udarako aurreikusi da, eta belar artifiziala ordezkatzea, ateak eta taldeentzako aulkiak berritzea eta segurtasun-elementu berriak jartzea jasotzen du. Bigarren fase batean, aldagelak berrituko dira.
Dokumentuak Urgozo ere jasotzen du. Espazio balioaniztun bat eta hiru jarduera-gela izango ditu, eta kirol- eta kultura-jarduerak, azokak eta bestelako ekitaldiak hartzeko gaitasuna izango du. Horrez gain, klubei espazio berriak eskainiko dizkie eta udal ikastaroen eta jardueren programazioa zabaltzeko aukera emango du.
Aire zabaleko jarduera fisikoa
Planak ohiko kirol-instalazioetatik kanpo egiten den jarduera fisikoa ere lantzen du. Aurreikusitako lan-ildoen artean daude aire zabaleko entrenamendu-eremuak, oinez, korrika edo bizikletaz ibiltzeko ibilbideak, auzoetako espazio balioaniztunak eta parke eta plazetako jarduerak. Plangintzak, gainera, bicipista eta bidegorri zati berriak eta aire zabaleko jarduera fisikoarekin lotutako bestelako espazioak aurreikusten ditu.
“Kalea kirola egiteko aktibatzea da Planak jasotzen duen beste lan-ildoetako bat. Amorebieta-Etxanok duen ingurunea kontuan hartuta, urrats bat harago egiteko aukera dugu, eta kirola gure kaleetara eta eraztun berdera eramatekoa. Horren adibide ona da Jauregibarria parkean jarritako kalistenia-instalazioa: herriko gazteek egindako eskaera izan zen, eta gaur egun erabilera handia du”, azaldu du Salterainek.
Beste lan-eremuetako bat kirola egiteko benetako sarbidea bermatzea izango da. Dokumentuak ordutegiarekin, kostuarekin, irisgarritasunarekin edo informazioarekin lotutako oztopoak identifikatzea planteatzen du eta, diagnostiko horretatik abiatuta, jarduerak, espazioak, materialak eta laguntza-mekanismoak pixkanaka egokitzea. Familiek, adinekoek, emakumeek, kolektibo zaurgarriek eta kirol egokituarekin lotutako pertsonek arreta berezia izango dute.
“Planaren bidez kirola egiteko zer zailtasun dauden identifikatu eta horien gainean jardun nahi dugu. Pertsona guztiek ez dituzte oztopo berberak aurkitzen, eta, horregatik, dokumentuak egoera bakoitza aztertzea eta erantzuna horren arabera egokitzea planteatzen du”, azaldu du alkateak.
Kirol-klubekiko koordinazioa
Planak, halaber, Udalaren eta kirol-kluben arteko lan-sare egonkor bat sortzea aurreikusten du. Helburua aldizkako koordinazio-mekanismoak ezartzea, informazioa partekatzea eta elkarteen eguneroko jarduna erraztea da. Besteak beste, urtean gutxienez bi topaketa egitea eta jarraipen-agenda partekatua izatea aurreikusten du dokumentuak.
Proposatutako tresnen artean daude jardueren agenda partekatua, klubentzat interesgarriak diren gaiei buruzko prestakuntza-ekintzak eta lehendik dauden ekipamendu eta baliabideak hobeto aprobetxatzeko material eta baliabideen banku komun bat. Era berean, ekitaldiak antolatzeko edo laguntza partekatzeko beharra dagoenean, elkarteen arteko koordinazioa erraztea planteatzen da.
Alkateak adierazi duenez, “klubak udalerriko kirol-jardueraren egunerokoaren parte dira, eta euren ezagutza ezinbestekoa da jarduketak planifikatu eta koordinatzeko. Planak informazioa partekatzeko, beharrak identifikatzeko eta modu antolatuan lan egiteko mekanismo zehatzak ezartzen ditu”.


