DOT Durangaldea

Garat-Bereau eta Arrasate-Kepa Garat, Euskal Jaia txapelketako fase nagusira

Ezkurdi Jai Alai pilotalekuak partida zirraragarriak bizi izan ditu igande honetan; orain, txapelketak atseden hartuko du maiatzaren 30eko asteburura arte

Garat eta Bereau, partidarik onenean nagusi

DURANGO | XXII. Euskal Jaia zesta-punta txapelketak igande honetan erabaki ditu fase nagusian sartuko diren bi bikoteak. Maiatzaren 17ko jardunaldian, Ezkurdi pilotalekura hurbildu zirenek emozioz beteriko partidez gozatu ahal izan zuten, tartean txapelketako partidarik onenetarikoa ikusiz.

Eguneko lehen norgehiagokan, Ekhi-Peru eta Gaizka Garat-Mattin Bereau aritu ziren borrokan. Azkenean, urdinak (Garat-Bereau) gailendu ziren hiru jokotara joan zen partida nekagarri batean. Txapelketako orain arteko neurketarik onena izan zen: abiadura handikoa, bizia eta amaierara arte erabaki gabea.

Lehen jokoa urdinek irabazi zuten (12-15), baina gorriek buelta eman zioten bigarrenean (15-14). Berdinketa hausteko jokoan, emozioa erabatekoa izan zen eta puntu bakarragatik eraman zuten partida urdinek (4-5).

Arrasate, Kepa Garaten laguntzaile onena

Bigarren partidan, Altuna-Zarandona eta Arrasate-Kepa Garat aurrez aurre jarri ziren. Urdinek irabazi zuten bi jokotan (11-15 eta 13-15). Kepa Garat xistera berriarekin aritu zen eta nabari zitzaion entrenamendu falta, baina Arrasatek partida bikaina osatu zuen, unerik erabakigarrienetan agertuz eta garaipena lortzeko bidea erraztuz.

Atsedena eta fase nagusiaren hasiera

Datorren astean txapelketak atsedena hartuko du eta ez da funtziorik egongo Ezkurdi Jai Alain. Fase nagusia, beraz, maiatzaren 30ean eta 31n hasiko da, honako egutegiarekin:

  • Larunbata, maiatzak 30 (17:30etan):

    • Gaizka Garat – Bereau VS Bonnin – Caparrus

    • Amets Aldazabal – Argoitia I VS Javier – Ibar

  • Igandea, maiatzak 31 (10:30etan):

    • Gaizka Garat – Bereau VS Amets Aldazabal – Argoitia I

    • Javier – Ibar VS Bonnin – Caparrus


🔴 Zesta-punta zaleek hitzordu garrantzitsua dute hilaren amaieran Durangoko pilotaleku historikoan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top