Aldundiak neurria onartu du Udalaren presioari eta herritarren 500 sinatuei esker

ABADIÑO | Lorpen instituzional eta herritarra Abadiñon, baina zapore gazi-gozoarekin. Datorren ekainaren 1etik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak Muntsaratzeko geltokia txertatuko du ofizialki autopistatik Bilbo eta Elorrio lotzen dituen Bizkaibuseko A3923 linearen ibilbide guztietan. Neurri honekin, Garraio Sailak erantzuna eman dio azkenik Udalaren eskaerari eta auzoko bizilagunek babestutako 500 sinatuko presioari.
Orain arte, Muntsaratzek larunbat, jaiegun edo Durango eta Elorrio arteko barne-ibilbideetan soilik zuen geltokia, eta Bilborako ibilbide zuzenetatik kanpo geratzen zen. Aldundiak hasiera batean eskaerari uko egin zion iaz, zerbitzuak “txarrera” egingo zuela alegatuz. Hala ere, Udalaren tematzeak eta auzoko datu demografikoek —dagoeneko 1.875 biztanle ditu Muntsaratzek— iritziz aldarazi dute Aldundia.
Aldaketa honekin, autopistatik doazen linea zuzenek (001 Bilbo-Durango-Elorrio eta 004 Bilbo-Durango-Elorrio-Arrasate) Muntsaratzen geldialdia egingo dute bi noranzkoetan, ordutegiak, maiztasunak edo autobus kopurua aldatu gabe. Udaletik oso positibotzat jo dute hobekuntza, herritarrei “konexio zuzenagoa eta erosoagoa izatea ahalbidetuko dielako, garraio publikoaren erabilera sustatuz”.
Desblokeo hori egon arren, gnaiko asebetetzea ez da osoa. Abadiñoko Udalak helegiteak erregistratu ditu Bizkaibusen aurreproiektu berriaren aurrean, Aldundiak udalerriarentzat estrategikoak diren hainbat eskaera historiko kanpoan utzi dituela egiaztatu ostean.
Udalak premiaz txertatzeko eskatzen dituen aldarrikapenen artean honako hauek nabarmentzen dira:
-
Saturazioa eskola-ordutegian: A3911 linea goizez indartzea eskatzen da; izan ere, Zelaieta eta Muntsaratzeko ikasleek masifikazio arazo larriak jasaten dituzte autobusez Traña-Matienako institutura joateko.
-
Loiu eta Zamudiorekiko loturak: Eskualdeak Loiuko Aireportuarekin eta Zamudioko Teknologia Parkearekin dituen loturak hobetzea eskatzen du udalerriak.
-
Gauetako eta jaietako zerbitzuak: Asteburuetan Bizkaibusen gaueko zerbitzua zabaltzea exijitzen dute, gazteei mugikortasun segurua eskaintzeko, baita San Blas azoka jendetsuan errefortzu bereziak jartzea ere.
-
Bilboko geltokiei eutsi: Aldundiak Durangaldea eta Bilbo lotzen dituzten lineetan Zabalburu eta La Casillako geltokiak kentzeko asmoaren aurrean, Udalak bi geralekuei eustea eskatu du formalki, eskualdeko erabiltzaileei kalterik ez egiteko.


