Lanek hilabete inguruko iraupena izango dute eta noizean behin gailurrerako sarbideak ixtea eskatuko dute

BIZKAIA | Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiak Gorbeiako Gurutzearen zimenduak konpontzeko eta hobetzeko obrak hasi dituzte. Baterako jarduketa da, egituraren oinarria indartu eta egonkortzeko eta behar bezala kontserbatuko dela bermatzeko.
Lanak, batez ere, gurutzearen zimenduetan eta hura kokatuta dagoen lurra lehengoratzean oinarrituko dira. Pertsonen eta animalien etengabeko igarotzeak, gailurraren baldintza klimatikoekin batera, denboraren poderioz oinarriaren ingurunea higatzea eragin du eta zimenduaren berme-eremuaren zati bat agerian geratu da.
Jarduketa honi esker espazio hau egonkortu eta gurutzearen oinarria narriadurari eta higadurari aurre egiteko babestu ahal izango da eta, horrela, kontserbazioan lagunduko da.
Lanek hilabete inguruko iraupena izango dute. Aldi horretan Gurutzearen eta materialak biltzeko egokitutako gunearen perimetroa itxita egongo da, eta, beraz, lanak egiten diren bitartean ezin izango da gune horietara hurbildu.
Hala ere Gorbeiako gailurrerako sarbidea irekita egongo da, oro har. Bakarrik mugatu beharko da obraren fase jakin batzuetan, baldin eta fase horien ezaugarriak direla-eta segurtasun-neurriak zorroztu behar badira.
Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek instalatutako seinaleei kasu egiteko eta une oro basozaintzako langileen eta inguruan dauden bi aldundietako langileen jarraibideei jarraitzeko eskatu diete Gorbeiako Parke Naturalera hurbiltzen diren pertsonei.
Lanak egiten diren bitartean txangozaleak gailurrera iritsi ahal izango dira, baina ezingo dira Gurutzearen perimetrora edo Ama Birjinaren ingurura iritsi.
Postontzia eta orientazio-mahaia eskuragarri egongo dira. Azken elementu hau ere bi aldundiek adostutako jarduketen barruan dago, eta dagoeneko konpondu da.
Bateratuan egiten duten jarduketa
Gorbeiako Gurutzea Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoen banalerroan dago, Gorbeiako Parke Naturalaren eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barruan. Gurutzearen kokapenak eta bi erakundeek naturagune honen kudeaketan eta kontserbazioan dituzten eskumenek bultzatuta, bi aldundiek elkarrekin jardun dute elementua kontserbatzeko.
Joan den martxoan bi erakundeek lankidetza-esparrua adostu zuten gurutzearen zimenduak konpontzeko eta hobetzeko. Jarduketaren barruan sartzen dira oinarria hobetzeko lanak, orientazio-mahaia konpontzea eta inguruan dauden elementu arkeologikoen jarraipena eta babesa egitea.
Jarduketa guztietarako aurreikusitako inbertsioa 167.742,78 eurokoa da, BEZa barne, eta bi foru-administrazioek ordainduko dute, % 50ean.


