DOT Durangaldea

Iurretako 100 emakumek ‘Canción sin miedo’ abestuko dute

Anderebide, Auskari eta Goiuriko Ama elkarteek, Udalarekin elkarlanean, bultzatutako bideoa azaroaren 23an estreinatuko dute

Bideoa azaroaren 23an, astelehenean, 18:30ean estreinatuko dute Ibarretxen

IURRETA | Iurretako ehun emakume baino gehiagok, adin eta jatorri askotakoak, bat egin dute indarkeria matxistaren aurkako mezu bat zabaltzeko. Horretarako, Vivir Quintana abeslari mexikarraren ‘Canción sin miedo’ abestiaren bertsio elebiduna grabatu dute, azaroaren 15ean, San Migel elizan. Bideoa azaroaren 23an, astelehenean, 18:30ean estreinatuko dute Ibarretxen, Azaroaren 25eko egitarauaren barruan.

Bertsioa Vivir Quintanaren jatorrizko letran eta Portugaleteko Sastraka gaztetxeko emakumeek egindako euskarazko egokitzapenean oinarritzen da.

Proiektua herriko hiru elkarteren ekimenez sortu da, Iurretako Udalarekin elkarlanean: Anderebide emakumeen elkartea, Auskari emakume gazteen taldea eta Goiuriko Ama nagusien elkartea. Belaunaldi desberdinetako emakumeak biltzen dituzten hiru taldeek hasieratik egin zuten bat helburu berarekin: herriko ahalik eta emakume gehien proiektu komun baten inguruan elkartzea.

Ideia Udalaren Herritartasun Batzordeak Azaroaren 25eko ekitaldiak antolatzeko deitutako bileran sortu zen. Ondoren, deialdia herriko ikastetxeetara —Maiztegi, Orobiogoitia eta Lanbide Heziketako ikastetxera— eta haien guraso elkarteetara zabaldu zuten.

Entseguak azaroaren 3an hasi ziren Abadetxean, eta azaroaren 15ean San Migel elizan egindako grabazioarekin eman zioten amaiera lanari.

Bideoaren estreinaldia: azaroaren 23an, astelehenean, 18:30ean, Ibarretxen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top