DOT Durangaldea

Galdabusaren ibilbideak hobetu daitezkeen aztertzeko probak egingo ditu Udalak

Zuhatzutik abiatzen den linean bi geltoki gehituko dira larunbateko proban: Lapurdi eta Zabalea

Frogak azaroaren 21ean egingo dira

GALDAKAO | Herriko garraio publikoa herritarren beharretara egokitzeko eta auzoen arteko loturak hobetzeko helburuarekin, Galdabusaren bi lineetako ibilbideetan aldaketak egin daitezkeen ikusteko probak egingo ditu Galdakaoko Udalak larunbatean, azaroak 21. Goiz osoan egingo dira probak, eta doikuntzek ibilbideen iraupenean eta zerbitzuen funtzionamenduan izan dezaketen eragina bertatik bertara neurtuko dute udal langileek.

Aperribaitik Udaletxera doan autobusaren ibilbidean (1 linea) bi geltoki gehituko dira, ibilbidearen hasieran: Aperribaiko Frontoia eta Eskola. Autobusa frontoitik abiatuko da eta handik behera egingo du, eskolan geldialdia eginez Miguel Unamuno plazara heldu arte. Bertako geltokia gaur egungo lehenengoa da, baina proban hirugarrena izango da. Hortik aurrera, ohiko ibilbideari eutsiko dio Galdabusak, eta Elexalderaino joango da ibilbiderik luzeenaren iraupena neurtu ahal izateko. Izan ere, ohiko azken geltokia Udaletxea den arren, linea honek egunean bi bidaia egiten ditu Elexalderaino. Larunbateko ibilbidean, Olabarrieta geralekuaren ostean, Olabarrieta auzora igotzeko erabiltzen den bidetik joango da, frontoira iritsi arte.

Zuhatzutik Elexaldera doan 2 linean, berriz, aldaketa bakarra probatuko da larunbatean: Plazakoetxeko biribilgunetik atera ondoren, Iberluze kaletik egingo du autobusak desbideratzea, bi geltoki gehitzeko: Lapurdi eta Zabalea. Lehenengoa Berezikoetxe parkearen parean, ludotekaren aurrean, egongo da; eta, bigarrena, Tomas Larrinaga eta Zabalea kaleek bat egiten duten eremuan. Jarraian, Iberluze kalera itzuliko da, Juan Bautista Uriarte kalean duen ohiko geralekuan gelditu eta hortik Elexalderainoko ohiko ibilbidea jarraitzeko.

Galdabusa auzo gehiagotara iristea posible den aztertzeko egingo da proba; larunbatean jasotako datuak aztertu ondoren mahai gainean jarriko ditu aukera posibleak Udalak eta datu errealetan oinarrituta erabakiko du aldaketak egin ala ez. Ibilbide berriek zerbitzuaren funtzionamendua hobetzen badute eta ibilbideen iraupenean eragin nabarmenik ez badute, doikuntzak datorren urte hasierarako martxan jartzea da asmoa.

Galdabusaren funtzionamendua etengabe ari da aztertzen Galdakaoko Udala, zerbitzua herritarren beharretara egokitu eta ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Horren adibide da berriki 2 linean gehitutako Ibaizabal geltokia. Ildo horretan, zerbitzua hobetzeko aukerak aztertzen eta beharrezko doikuntzak egiten jarraituko du Udalak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top