Aurten Santurtziko Udalak egitarau are osotuagoa prestatu du, antzerkia eta irrintzi-lehiaketa batuko baitzaizkie itsas-kulturarekin lotuta egiten diren ohiko jarduerei

SANTURTZI | Santurtzik bere itsas-sustraiak nabarmenduko ditu berriro urriaren 3an, larunbat horretantxe ospatuko baita Sardinera Eguna. Gure herria itsasoarekin eta arrantza-jarduerarekin estu lotuta egon da beti, eta egun horretan gure historia, tradizioak eta identitatea agerian jarri nahi ditugu modu desberdin eta berezi batez. Santurtziko alkateak adierazi bezala, “Sardinera Egunak gure historian zeresana izan duten emakume haiek guztiak gogoan hartzeko aukera ematen digu, aitortu egiten baitiegu egindako lan eta ahaleginaren bitartez Santurtziren identitatea eraikitzeko jarri zuten ale handia. Aurten urrats bat eman nahi izan dugu eta proposamen berriak aurkeztu ditugu, belaunaldi berriei gure historia modu erakargarri batez gerturatzeko”.
Sardineren istorioak
Aurtengo berrikuntzetako bat “Sardineras Remienda” antzezlanaren emanaldia izango da, La Chivata konpainiaren eskutik. Oraingo honetan, eszena-arteek emango digute arrantzarekin eta arrainaren salmentarekin lotutako emakumeen errealitatea ezagutzeko aukera. Antzezlana 19:00etan hasiko da eta bertan Santurtziko emakumeek hartuko dute parte. Asmoa sardinerekin lututako istorioak, bizipenak eta oroitzapenak nabarmentzea da.
“Gure tradizioak oroitzapenetik haratago eraman nahi ditugu, eurok bizi eta gazteei helarazi nahi dizkiegu. Antzerkiak aukera paregabea ematen digu horretarako” adierazi du alkateak.
Proposamen hori ez ezik, aurten, lehenengoz, irrintzi-lehiaketa egingo da. Santurtzi Kantariren ekimena bera, herritarrek jaian modu aktiboan parte hartzea bilatzen da. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditugu lehiaketan parte hartzera.
Programazioa
Egitaraua goizean goiz hasiko da, Santurtziko itsas-tradizioarekin lotutako zenbait jardueraren bitartez. Horrela, besteak beste, bisita gidatua egingo da Agurtza atunontzian, arrantzarekin eta portuan lan egiten zutenen bizimoduarekin lotutako ondare paregabe hori ezagutzeko. Horrez gain, familientzako jarduerak egongo dira, umeentzako proposamenak eta herriaren itsas-historia zabaltzeko zenbait gune ere antolatuko dira.
Gero kalejira egingo da, musika eta kale-animazioa; eta 13:00etan omenaldia egingo zaie sardinerei portuan. Aurten, Isabel Castillo, Isabelita izango da protagonista.
15:00ak aldera herri-bazkaria egingo da Gernika parkean (parte hartzeko txartelak gaurtik aurrera daude salgai Turismo bulegoan), eta hor ere, animazio-jarduerak egongo dira eta zenbait proposamen haur eta familientzat. Arratsaldean eguneko une garrantzitsuenetako bat biziko dugu “Sardineras Remienda” antzezlanarekin. Eta ospakizuna amaitzeko sardinada eta erromeria egingo dira arrantza-portuan.
“Adin guztietako herritarrek parte hartzea nahi dugu, oroimenean gure sardineren nondik norakoak gordetzen dituztenentzat eta haien berri lehenengoz dituztenentzat ere bai. Jai horretan tradizioa, musika, antzerkia, gastronomia eta herritarren partaidetza uztartzen dira, izan ere, horiek guztiek egiten dute handi Sardinera Eguna, gure memoria kolektiboa bizirik mantenduz”, amaitu du esanez alkateak.
Egitarau honen bitartez, Santurtziko Udalak herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu, nola-eta udalerriaren itsas-iraganari omenaldia eginez, eta, aldi berean, tradizioak bizirik mantenduz, den-dena belaunaldi berriei begira.


