Egitarau zabala prestatu dute ostiral eta larunbaterako: azokak, bertsio lehiaketak, umeentzako ekintzak eta auto klasikoen kontzentrazioa

DURANGO | Herria auzo elkarteak dena prest du maiatzaren 1eko jaiei ekiteko. Ostiralean eta larunbatean, Askatasuna etorbidea izango da festa gunea, adin guztietarako pentsatutako ekintza ugarirekin.
Jaiei hasiera emateko, 10:30ean kalejira egingo dute Jaizale txistulariekin. Goizean zehar, umeentzako txirrinda buelta (11:00etan), artisautza azoka eta bigarren eskuko merkatua izango dira protagonista.
Eguerdian, Kriskitin dantza taldearen saioa (12:00) eta bertso saio dotorea (13:00) izango dira. Bertan, Eneko Abasolo, Erika Lagoma eta Gorka Lazkano arituko dira kantuan, Unai Iturriagak gidatuta. Arratsaldean, Tute txapelketa (Paulino omentzeko), txokolatada, Tor magoa eta igel txapelketa izango dira, gaua Errota taldearen erromeriarekin (21:00) borobiltzeko.
Ibilgailu klasikoak
Larunbatean, motorraren zaleek hitzordua izango dute Ibilgailu Klasikoen VII. Kontzentrazioarekin. Izen-ematea 9:30etik 11:00etara egingo da Askatasuna etorbideko 28. zenbakian, eta ondoren 30 kilometroko ibilbidea egingo dute eskualdetik. 13:15ean luntxa eta sari banaketa egingo dituzte. Parte hartzeko, ibilgailuek 1990 urtea baino lehenagokoak izan behar dute.
Arratsaldean, umeentzako disko festa (17:00) egongo da eta jaiei amaiera emateko kontzertuak izango dira 19:00etatik aurrera Julen Burgos, Iker Gomez eta Deriba taldeen eskutik.


