DOT Durangaldea

STEAM arloan diharduten emakumeak omendu ditu Zornotzako Marixelarre Sariak

Zubiondo Parkeko karpan egindako ekitaldian, Dizdira Ahots abesbatzak girotu du sari-banaketa

El homenaje tenía lugar este domingo a la mañana

AMOREBIETA-ETXANO | STEAM arloan lanean ari diren emakumeak omendu ditu aurten Amorebieta-Etxanok, Marixelarre sariaren bosgarren edizioan. Gaur, martxoak 8, Zubiondo parkeko karpan ospatu da ekitaldia eta herritar ugari elkartu dira udalerriko zientzia, irakaskuntza, matematika, arte eta osasun arloko profesionalen lana balioan jarri eta aitortzeko.

Aipatu bezala, aurtengo edizioan, STEAM esparruan, hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea, matematika eta osasun arloan lan egiten duten emakume zornotzarrei egin zaie aitortza. Unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan, teknologia-enpresetan, ikastetxeetan zein osasun-arloko zerbitzuetan diharduten emakumeak, hain zuzen, euren ibilbide profesionala eta herriari egiten dioten ekarpena balioan jarriz.

STEAM arloko emakumeak erreferente 

Sarritan, gaur egun, emakume zientzialarien lana urruneko erreferenteekin lotu ohi da, baina Amorebieta-Etxanon bertan badira ibilbide arrakastatsu eta inspiratzaileak egin dituzten emakumeak. Hori dela eta, aurten Marixelarre sariak herriko emakume horiek jarri ditu erdigunean, oraindik ere nagusiki gizonezkoena den esparruetan emakumeen presentzia eta lidergoa ikusarazteko.

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak hitz batzuk eskaini dizkie aitortza jaso duten emakumeei, eta haien lana eta konpromisoa azpimarratu ditu, zientzia eta teknologiaren arloan egiten duten ekarpena ez ezik, herriarentzat duten balioa ere nabarmenduz: “Gaur aitortzen ditugun emakume hauek erakusten digute talentua eta prestakuntza etxean bertan ditugula. Zientzia eta teknologia ez dira urruneko errealitateak; gure udalerrian ere badira ikertzen, irakasten eta berritzen ari diren emakumeak. Zuen ibilbideak erreferente dira gure neska eta gazteentzat, eta etorkizun berdinzaleago baterako bidea irekitzen jarraitzen dute”, adierazi du alkateak.

Belaunaldi berrientzako ispilu

Aitortza ekitaldiak mezu argi bat helarazi nahi izan du: neskek eta gazteek erreferente hurbilak behar dituzte, eta Amorebieta-Etxanon badituzte. Ingeniariak, kimikariak, fisikariak, arkitektoak, informatikariak, irakasleak, erizainak, medikuak edo ikerketan ari diren emakumeak dira gaurko protagonistak.

Halaber, ekitaldira bertaratu ezin izan duten emakume guztien kasuan, aitortza saria HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzua) jaso ahal izangok dute. Horrela, ekimena ekitaldira mugatu gabe, udalerri osoan zehar zabaltzen da, eta emakume aitortu guztiek merezitako errekonozimendua eskuratu ahal izango dute.

Udalak gogorarazi du errekonozimendu honek helburu bikoitza duela: batetik, emakume hauen lana balioan jartzea; eta bestetik, belaunaldi berriei mezua bidaltzea, zientzia eta teknologia ere euren lekua direla erakutsiz.

Ekitaldiari amaiera emateko, Dizdira Ahots abesbatzak emanaldia eskaini du, giro hunkigarri eta ospakizunezkoa sortuz, eta beste behin ere argi utziz berdintasuna arlo guztietan eraikitzen dela, baita zientzian ere.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top