DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebietak penaltietan lortu du Federazio Kopako finalera pasatzea

Asteazkenean Gernika Cluben aurka neurtuko dituzte indarrak Urritxen, partida bakarrera

Finala datorren asteazkenean izango da Urritxen

FUTBOLA | Urdinek Federazio Kopako fase autonomikoko finalerako sailkapena lortu dute. Asteazkenean Gernika Cluben aurka neurtuko dituzte indarrak Urritxen, partida bakarrera. Horretarako, Sestao River gainditu dute Las Llanasen, penaltietan, 120 minutuko ahalegin ikaragarriaren ostean.

Lehen zatia parekatua joan da, arrisku handirik gabe. Zorrilla izan da lehen abisua eman duena Iruarrizaga atetik kanpo irten ostean Rekaren erasoa sahiesteko. Hala ere, aurrelariak 30 metrotik atezaina atetik kanpo zegoela egindako jaurtiketak ez du aterik aurkitu. Riverrek Altamira arazo larrian jarri ez duten hurbilketekin erantzun du. Ceballosen eta Hodei Rodriguezen saiakerek ere ez dute saririk jaso lehen zatiko azken txanpan. Gauzak horrela, norgehiagoka atsedenaldira iritsi da 0-0eko emaitzarekin.

Bigarren zatiaren hasieran Zorrillak atea ikustea lortu du, baina jokaldia baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. Gidoiak lehen zatiaren antzera jarraitu du. Txandakako nagusitasuna eta aukera gutxi markagailua irekitzeko, 68. minutuan gureek aukera paregabea izan duten arte. Mikel Arzalluzek Iruarrizagarekin egin du topo, Rekak area barruan egindako pase on baten ondoren. Etxaniz izan da 72.ean baloia sarera bidali duena, baina gola ez da markagailura igo jokoz kanpo adierazi dutelako. Riverren abagune argiena 88.ean iritsi da Pradera urdin ohiaren bitartez, baina Altamirak erantzun bikaina eman dio. Horrenbestez, partida prorrogara joan da.

Urdinek gogor ekin diote. Etxanizek Iruarrizagaren eskularruak probatu ditu eta 94.ean atezainak Arzalluzen errematea desbideratu du Hernaizen erdiraketaren ostean. Altamirari ere egokitu zaio lan egitea, 98.ean hegan egin baitu Madrazori gola ukatzeko falta jaurtiketa on batean. Luzapenaren bigarren zatian, Etxanizek gertu izan du gola, baina errematea kanpora joan da. River ere gola sartzeko zorian izan da 117. minutuan, baina Altamira eta langaren artean saihestu dute.

Beraz, garailea penaltietan erabaki da. Altamirak etxekoen bost jaurtiketetatik bi gelditu ditu eta gureek lau sartu dituzte Etxaniz, Arzalluz, Hernaiz eta Reka zornotzarren bitartez.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top