DOT Durangaldea

Urkiola tradizioz, tailerrez eta doako autobusez beteko da San Antonioetan

Jaiak asteburu honetan ospatuko dira, ekainaren 13an eta 14an, nekazaritzako eta artisautzako 50 postu baino gehiagorekin

Urkiolako San Antonio eguneko egitaraua
Urkiolako San Antonio eguneko egitaraua

ABADIÑO / DURANGO – Urkiolako Santutegiaren inguruak San Antonio azoka tradizionala hartuko du larunbat eta domeka honetan, tradizioa, euskal kultura eta lehen sektorea uztartuz. Edizio hau oso esanguratsua izango da, Alex Alonso apaiz durangarrak eta Josemari Bordonaba laikoak, santutegiko guardian berriek, gidatuko duten lehen jai handia izango baita.

Gune horretara iristea errazteko eta joan-etorri jasangarriak bermatzeko, doako autobus-zerbitzuak egongo dira:

  • Durangotik: Landako (Magdalena) eta Urkiolako mendatea lotuko ditu, 10:00etatik 19:00etara etenik gabe, bi egunetan.

  • Abadiñotik: Autobusak Zelaietatik irtengo dira (Traña-Matienan geldialdia eginez) 9:00etan, 10:00etan eta 11:00etan, eta Urkiolatik 17:00etan eta 18:00etan itzuliko dira.

Berrikuntzak eta egitaraua:

  • Ekainaren 13an, zapatua: Abereen osasun-egoera dela-eta, aurten ezin izango da behi aziendarik egon. Horren ordez, zaldi aziendaren herri lehiaketa egingo da hazitarako abererik onena aukeratzeko (10:00etatik 12:00etara). Ohiko mezez gain , trikitilariak, Angel Mari Peñagarikano eta Sustrai Colina bertsolariak , ardi mozketa eta, berrikuntza gisa, lanbide tradizionalak ezagutzeko familia osoarentzako tailerrak egongo dira zuzenean (artilea, kandelak, gatzatua…).

  • Ekainaren 14an, domeka (Errepetiziño eguna): Goizean azoka eta mezak egongo dira (10:00etan eta 12:00etan). Ondoren, herri kirolen erakustaldia izango da Hodei Espeleta, Malen Barrenetxea, Nerea Arruti eta Bihurri aizkolariekin; Izadi Agirre harrijasotzailearekin; Ainhoa Larrinoarekin (ingudea eta txingak) eta Karlos Aretxabaletarekin (Iparraldeko jokoak). Eguna amaitzeko, erromeria egongo da Aiko taldearekin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top