Apaiz berrien etorrerak Santutegia betiko ixtea galarazi du

ABADIÑO | Bilboko Gotzailetzak mahai gainean izan zuen Durangalderako oso mingarria izango litzatekeen erabaki bat: Urkiolako Santutegia eta Abadetxe historikoa betiko ixtea. Joseba Legarza, Peli Romarategi, Antonio Madinabeitia (ekainaren 13an bi urte beteko dira hil zela) edota Bittor Garaigardobil gotzaina joan ostean, eta bertako egunerokoari eutsi zioten Felix eta Kontxi laikoek alde egin ondoren, hutsunea erabatekoa zirudien mendatean.
Alabaina, 2025eko irailean, Urkiolako patua aldatu egin zen. Erretiratuta eta lasai egon litezkeen bi apaizek, Bermeoko sustraiek lotuta, mendiaren gogortasunari zein mistikari heltzea erabaki zuten. Juanjo Elezkanok eman zuen lehen urratsa, eta gauetako bakardadeari buruzko abisuei jaramonik egin gabe, aurrera egin zuen. Handik gutxira, Mikel Azpeitia herrikideak egitasmoaren berri izan eta zalantzarik gabe bat egin zuen berarekin. Geroztik, teilatua, lana eta umore ona partekatzen dituzte: “Urkiolara erretiratzera etorri ginen, baina hemen beti dago zeregina”.
Bizitza kontenplatiboaren topikoetatik urrun, haien egunerokoa ez da batere monotonoa. 1898an eraikitako tenplua goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpiak arte zabalik izateaz arduratzen dira, eta igandero eguerdiko hamabietan meza ematen dute. “Jendeak uste du denbora libre asko dugula, baina ez da horrela”, azaldu dute. Egun bakoitza “ustekabez beteta” dator, batez ere paper kontuekin; duela gutxi, banku baten oharra jaso zuten Santutegiaren izenean zegoen kontu ezezagun bat blokeatu dietela esanez: “Guk uste genuen BBK-ko txartel bakarra genuela!”, kontatu dute barrez.
Mikelentzat mendatea ez da arrotza, 1974an bertan egon baitzen 23 urterekin apaizgai, Zornotzara bidali aurretik. Juanjok, berriz, Ekuadorren misiolari gisa aritutako esperientzia dakar motxilan. Urkiolako lekukoa hartzeak bertako tradizio artistiko eta zientifikoak zaintzea ere badakar: Peli Romarategiren lau urtaroen mural ezaguna babesteaz gain, eskualdeko “eguraldi-gizon” berriak bihurtu dira. Egunero jasotzen dituzte estazio meteorologikoaren datuak Euskalmetekin lankidetzan, garai batean Legarzak eta Garaigardobilek egiten zuten moduan.
Hilabete hauetako balorazioa oso positiboa da, inguruko bakeak eta isiltasunak lanerako indarra ematen baitie. Dagoeneko, inguruko baserritar baten traktorearen laguntzaz, Abadetxe osteko baratza berreskuratzen hasi dira, eta aterpetxea berritzeko asmoa dute; horretarako, Abadiñoko Udalari argi indarra jartzeko eskaria egin diote.
San Antonio
Mendatean daramaten egokitzapen sasoia asteburu honetan biziko dute une gorena, ekainaren 13an San Antonio eguna ospatuko baita, inguruko jai jendetsuenetako bat. Eguraldia lagun, milaka pertsona hurbilduko dira urteroko abere eta nekazaritza azokaz gozatzera.
Fidelen ugaritasunari erantzuteko, lau meza egongo dira goizean (10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan), eta nagusia gotzainak gidatuko du. Igandean, Errepikapen egunean, beste bi meza egongo dira (10:00etan eta 12:00etan). Bisitari oldearen aurrean, bi apaizek dei argia egin dute Parke Naturala errespetatzeko: “Etortzen den jendeari eskatzen diogu Urkiola aurkitu duena baino hobeto uzteko”.


