Victor Martín Athletic Clubeko entrenatzailea harro agertu da taldeak egunerokoan egiten duen lanarekin

FUTBOLA | Liga F-ko bederatzigarren jardunaldia jokatu eta bi egunera, eta Teneriferako bidaiaren bezperan, Victor Martín Athletic Clubeko entrenatzailea komunikabideen aurrean agertu da Lezamako instalazioetan. Zuri-gorrien teknikariak taldeak orain arte egindako lana nabarmendu du, eta Sevillaren aurkako azken neurketan erakutsitako mailaren balorazio positiboa egin du, nahiz eta garaipenik lortu ez.
“Taldea agertoki guztietan lehiakorra dela baloratu behar dugu”, adierazi du Martinek. Entrenatzailearen esanetan, Sevillak lan ona egin zuen, baina Athletic aurkariaren zelaian nagusitasunez eta erasoan presentzia handiz aritu zen. Aukerak sortu zituzten arren, ez zuten horiek gauzatzeko asmatu. Hala ere, taldeak egunerokoan erakusten duen lehiakortasunari eusten diola azpimarratu du.
Astelehenean, azaroaren 2an, beste erronka bat izango dute zain lehoiek. 20:00etan jokatuko dute CD Teneriferen aurka, Heliodoro Rodríguez López zelaian. Martinek badaki ez dela partida erraza izango: Tenerife Liga F-ko talde historikoetako bat da, eta entrenatzailearen arabera, etxean oso aurkari lehiakorra da. Horregatik, defentsan sendo aritzea eta baloiaren zein erasoen kudeaketan zehaztasuna izatea ezinbestekotzat jo du.
Athleticek denboraldi hasiera ona egin du, eta 15 punturekin laugarren postuan dago sailkapenean, Atletico de Madrilekin berdinduta. Martinek taldearen lanaren meritua azpimarratu du: “Meritu handia du egiten ari garenak. Athletic Club gara, eta harrotasunez eta anbizioz joan behar dugu norgehiagoka guztietara”.
Entrenatzailea bereziki harro agertu da taldeak egunerokoan sortzen duen giroaz eta lan egiteko moduaz. Haren ustez, horrek ematen die partida guztietan ahalik eta mailarik onena erakusteko aukera, eta taldearen helburua sailkapenean ahalik eta gorago egotea da.
Teneriferen aurkako neurketak, beraz, aukera emango dio Athletici azken lau partidetan galdu gabe daraman bolada luzatzeko eta sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko.


