DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

PSEk Abadiñon enplegua sustatzea proposatu du Aldundiaren planekin

Gaur egun zabalik dago izena emateko epea irailaren 30era arte

Abadiñorako enplegu planak proposatu dituzte sozialistek
Abadiñorako enplegu planak proposatu dituzte sozialistek

ABADIÑO | Patxo Campo PSEko zinegotzi abadiñarrak, azken osoko bilkuran, Aldundiak eskaintzen dituen tresnak erabiliz, udalerrian enplegua sustatzea proposatu du. «Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri ditu bere Enplegu Plan berriak, gure lurraldean enpleguaren sorrera sustatzeko eta kolektibo ahulei eta iraupen luzeko langabeei aukerak eskaintzeko. Plan horiek enplegu iraunkorra sortzeko, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta Bizkaia inklusiboagoa eta oparoagoa garatzen laguntzeko diseinatuta daude», adierazi du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, enpleguko, gizarte-kohesioko eta berdintasuneko sailaren bitartez, sustatutako enplegu-planek askotariko sektoreak hartzen dituzte: ekonomia berdea eta digitala, gizarte-zerbitzuak eta proiektu berritzaileak. Tokiko enpresekin, udalekin eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin egindako hitzarmenen bidez, programa horiek langabezian dauden pertsonak lan-merkatuan integratzea bilatzen dute, prestakuntza, laguntza eta kontratazio-aukerak emanez.

Plan horiek langabezian dauden pertsonei zuzenduta daude, arreta berezia jarrita honako hauei:

  • Iraupen luzeko langabeak
  • Lehen lan-aukeraren bila dabiltzan gazteak
  • 45 urtetik gorakoak
  • Zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeak
  • Desgaitasuna duten pertsonak

Gaur egun, izena emateko epea zabalik dago irailaren 30era arte, enplegu-anezketarako – Anezka programa. Programa horretan, helburu profesionalak zehaztu daitezke, enplegua bilatzeko eta taldean lan egiteko tresna berriak eskuratu.

Aldundiak konpromisoa hartzen du egungo lan-merkatuaren beharrei erantzungo dieten enplegu-politika aktiboetan lan egiten jarraitzeko, langileen lanbide-heziketa eta kualifikazioa indartuz, haien laneratzea errazteko. Gainera, Enplegu Planek enpresa-sarea indartzen eta Bizkaian enplegu egonkorra sortzen lagunduko dute.

Enplegu-plan horietan sartu nahi dutenek deialdiaren oinarriak kontsultatu eta izena eman dezakete Bizkaiko Foru Aldundiaren web orrian: www.bizkaia.eus.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top