DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

PSEk Abadiñoko komunikazio zerbitzurako 4. mailako euskara eskakizuna salatu du

Patxo Campo bozeramailearen esanetan, hirugarren maila bat, EGA, «euskara-maila altua eskatzea da, eta enpresek lizitazioan lehia handiagoa izatea ahalbidetuko luke».

Patxo Campo, PSEko bozeramailea Abadiñon
Patxo Campo, PSEko bozeramailea Abadiñon

ABADIÑO | Pasa den maiatzean Abadiñoko Udalean egindako osoko bilkuran, Abadiñoko PSEk komunikazio zerbitzurako lizitazio berriaren baldintzaren bat salatzen zuen.

Patxo Campo bozeramaile sozialistak kargu hartu zion Mikel Urrutia herriko alkateari aurreko osoko bilkuran plegua zuzentzeko eskatu izanagatik. PSEk komunikazio lanak egiten zituzten langileei eskatzen zitzaien euskara maila jaistea eskatu zuen. «4. maila eskatu da, Europako C2, eta maila hori lanpostu espezifikoetako funtzionarioentzat bakarrik eskatzen da. PSEk eskatu zuen hirugarren mailara jaisteko, hau da, EGAra, gaur egun funtzionario, mediku, ertzain, irakasle eta abarrentzat eskatzen den mailara. Horrek ez du esan nahi baldintza-agirian goragoko hizkuntza-eskakizunak positiboki baloratu behar ez direnik», azaldu du Campok prentsa-ohar batean.

Sozialistek azaldu dutenez, «EGA maila eskatzea, euskara maila altua eskatzea da, eta hala bermatzen du Eusko Jaurlaritzak, funtzionario gehienentzat maila hori eta ez beste bat eskatzen duenean. Maila hori eskatuta, enpresen konkurrentzia dezente handiagoa izango litzateke, aurkeztu beharreko komunikazio-sektoreko profesional gehiagori aukera emango litzaieke, eta erabat beteko litzateke kontratazio-prozesuan zerbitzu horren hornitzaile izan daitezkeenentzako sarbide eta parte-hartze askea, legez saihestu behar baitira eskakizun eta formaltasun garestiak eta alferrikakoak».

Patxo Campok alkateari aurpegiratu dio gogoeta hori kontuan hartu ez izana, bere ustez «dezente logikoagoa eta parte-hartzaileagoa baita, ez baititu eskaintzak hainbeste mugatzen, eta udal askok beren pleguetan ezartzen baitute; beraz, ez da udal gehienetan aplikatzen ari ez den ezer eskatzen».

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top