Luzapenean sartutako golak ez merezitako porrota ekidin du

KIROLAK | Urdinek 2-2ko berdinketarekin estreinatu dute liga, azken metroetan hobeto aritu den Arosaren aurka. Izan ere, Jon Castrilloren taldea nagusi izan da une gehiagotan eta aukera gehiago sortu ditu, baina luzapenera arte itxaron behar izan dute Rekaren golarekin porrot bat saihesteko. Bi zatiek antzeko gidoia izan dute: SDAren hasiera ona, aurkariaren gola eta zornotzarren gola azken txanpan. Lehenengoan, Josep Diaz izan da talde-jokaldi bikaina bukatu duena.
Gureak ondo sartu dira partiduan, jaun eta jabe eta arriskuko abaguneak sortuz, baina aukerak zehaztu gabe. Arosak bai lortu du hori. Bere lehen abisuan, Murgoitiok esku ona sartu du Maceiraren burukada desbideratzeko, eta bi minutu geroago aurretik jarri da talde galiziarra. Urdinak berdinketa lortzetik gertu egon dira, Muguruzak erdiratu eta atzelari bisitari bat bere atean sartzeko zorian izan ostean. Jarraian, Iker Torre izan da area txikian galiziarren iritsiera arriskutsua atera duena.
Urdinek asko estutu dute atsedenaldia baino lehen berdinketa lortzeko helburuarekin. Etxanizek izan du gola, baina bere errematea langa gainetik joan da. Muguruzak zutoinarekin topo egin du, baina epaileak banderatxoa altxatu du jokoz kanpokoa adieraziz. Josep Diaz ere golaren inguruan ibili da, baina ez du asmatu. Merezitako saria aldageletara joan aurretik heldu da, Agirrek armatutako jokaldi kolektibo bikain baten ondorioz. Azkenean, Muguruzaren paseak Josep Diazek barrura bidali du.
Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da, urdinak aurkariaren area inguruan jokatzen. Hernaiz eta Caboren jaurtiketek ez dute saririk lortu lehen minutuetan. Arosak SDAren hasiera bortitzari eusten jakin du eta lehia orekatuz joan da. Lehen zatian bezala, Galiziako taldeak gutxiago iritsi behar izan du min gehiago egiteko. Horrela, Gabri Palmasek 1-2koa sartu du amaierarako hogei minuturen faltan.
Kolpea gorabehera, urdinek ez dituzte besoak jaitsi eta borrokan jarraitu dute, azken txanpan aukerak sortuz. Azkunak eskuadra bilatu du eta ez du gutxigatik aurkitu. Rekaren bolea 90. minutuan zentratuegia atera da. Bost minutuko luzapenean 2-2ekoa iritsi da, Rekak erdiraketa indartsua egin eta atezainaren eskularruetan jo ostean. SDAk garaipena lortzeko aukera ere izan du partidako azken jokaldian, atezain bisitariak Muguruzaren jaurtiketa eskuadratik atera duenean.


