DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Elorrioko joskintza taldea kalera irtengo da asteazken honetan bere lanak erakustera

Mintzapraktika Berbalagun dinamikaren bidez, iazko udaberrian 16 laguneko talde bat sortu zuten

Elorrioko joskintza taldearen irudia
Elorrioko joskintza taldearen irudia

ELORRIO | Datorren asteazkenean aterako da herriko jostun taldea kalera eta bere lanak erakutsiko ditu. 16 lagun inguru biltzen dira astero Iturri Kultur Etxean euskara eta joskintza praktikatzeko. «Asteazken arratsaldeetan elkartzen gara, eta normalean ez du inork hutsik egiten. Izan ere, oso ondo moldatzen gara eta elkarri laguntzen diogu». Alicia Fondado taldeko kidearen esanetan:

Fondado taldean dauden bi euskara ikasleetako bat da, eta josten ari diren bitartean hitz egitea dinamika zoragarria dela uste du. Joskintzaren bertuteak ere nabarmentzen ditu: «Esaten da joskintza adinekoen kontua dela, baina nik terapia bat bezala ikusten dut, oso suspergarria baita, eta doakoa! Nahikoa da orratza eta oihala edukitzea».

Oso pozik agertu da, halaber, talde-lanak hobekuntza handia ekarri duelako hasi zirenetik: «Txanoak egitetik jertseak egitera igaro gara aldi labur batean; gauzak aurrera ateratzen ari garela ikustea oso pozgarria da niretzat».

Asteazkenean, jostunen nazioarteko egunean, eskuz egindako jertse, txano, poltsa, gona edo mahai-zapiak aterako dituzte kalera. Eta erronka gisa zerbait berezia egitera ere ausartuko dira: «Arratsaldean zehar abarketak josten arituko gara», aurreratu dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top