DOT Durangaldea

Berrikuntza Azokak 700 ikasle baino gehiago bildu ditu Maristak Durangon ikasturte hasieran

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek eguneroko egoerak berrikuntzarako aukera bihurtzeko gaitasuna erakutsi dute

Kurtsoaren hasiera astelehen honetan izan da

DURANGO | Maristako 700 ikasle baino gehiagok ikasturte berriari hasiera indartsua eman diote beren Berrikuntza Azoka handian parte hartuz. Ekimen honen bidez, ikastetxearen bereizgarri den metodologia aktibo eta kolaboratiboa lehen egunetik bertatik praktikan jartzeko aukera izan dute ikasleek.

 

Aurtengo «Imajinatzen al duzu?» lelopean, goiz osoa eman zuten astelehen honetan eguneroko bizitzako xehetasunei behatzen, hausnartzen eta irtenbide berriak diseinatzen.

Proposamen originalak sortzeaz haratago, erronkaren helburu nagusia unibertsitate zein enpresa munduan gehien eskatzen diren gaitasunak lantzea izan da: sormena, pentsamendu kritikoa, talde-lana, komunikazioa eta ekimena.

Adimen artifizialak eta eraldaketa teknologikoak markatutako garai honetan, erakundeek galdera berriak egiteko eta aukerak identifikatzeko gaitasuna duten profesionalak behar dituzte; hain zuzen ere, Maristako ikasleek lehen egunetik garatzen hasi direnak.

Patioa, sormen-azoka bihurtuta

Campus osoko 32 taldek hartu dute parte jardunaldian. Gelako lehen fase baten ondoren, finalistek ikastetxeko patioan bertan aurkeztu dituzte beren proiektuak, irakaslez osatutako epaimahai baten aurrean.

Sortutako ideien artean, hainbat proposamen bitxi nabarmendu dira; hala nola, ahoaren bi aldeak aldi berean garbitzen dituen hortzetako eskuila bikoitza, edota gailetak esnean desegin ez daitezen sortutako saretxodun zali berezia.

Talde irabazleak etapaz etapa

  • Oinarrizko Lanbide Heziketa: Mekanizazioko 1. maila

  • Erdi Mailako Heziketa Zikloa: Instalazio Elektriko eta Automatikoetako 1. maila

  • Goi Mailako Heziketa Zikloa: Sareko Sistema Informatikoen Administrazioko 1. maila

  • Batxilergoa: Zientzia-Teknologiako eta Humanitateetako Batxilergoko 2. maila (A eredua)

Ekimen honekin, Maristak Durangok berrikuntzaren benetako balioa helarazi nahi die ikasleei: errealitatea jakin-minez begiratzea eta taldean lan egitea. Euren hezkuntza-filosofiak dioen bezala, “Hurbilago, urrunago iristeko”: gaur bidelagun izatea, bihar gazte bakoitza urrunago iritsi dadin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top