DOT Durangaldea

Mª Tere Ugarrizak eta Pintzelak elkarteak artez beteko dute Zelaieta irailean

Mª Tere Ugarriza Rekaldek irailaren 13ra arte izango ditu bere lanak ikusgai, eta hilaren 14tik 26ra Pintzelak elkarte zornotzarrak “Ekialdea” talde-erakusketa aurkeztuko du

Zelaietako erakusketa gelak Pintzelak elkarte zornotzarrari lotutako bi proposamen hartuko ditu irailean

AMOREBIETA-ETXANO | Zelaietako erakusketa gelak Pintzelak elkarte zornotzarrari lotutako bi proposamen hartuko ditu irailean. Programazioa Mª Tere Ugarriza Rekalde elkarteko kideari eskainitako erakusketa monografikoarekin hasiko da, eta hilaren bigarren hamabostaldian “Ekialdea” talde-erakusketak hartuko du lekukoa.

Irailaren 1etik 13ra Mª Tere Ugarriza Rekalderen “Margotzea izan da nire ametsa txikitatik” erakusketa bisitatu ahal izango da. Pintzelak elkarteak iraileko lehen hamabostaldia artistari eskaintzea erabaki du, elkartearen barruan egindako ibilbidea aitortzeko eta haren lana gertutik ezagutzeko aukera eskaintzeko.

Irailaren 14tik aurrera, berriz, Pintzelak elkartearen “Ekialdea” talde-erakusketak hartuko du lekukoa, eta hilaren 26ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa osatzen duten lanen bidez, elkarteak “denbora geldiarazi eta kolorearen bitartez kultura-zubi bat eraikitzea” proposatzen du.

Ordutegia

Bi erakusketak zentroaren ohiko ordutegian bisitatu ahal izango dira: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:30era; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 16:00etatik 20:00etara.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top