Esku-hartzeak eraikinen hormetatik irteten ziren hainbat zuhaitz moztea eta ibaiertzeko beste batzuk inaustea barne hartu du

DURANGO | Durangoko Udalak Mañaria ibaiko begetazioa garbitzeko lanak burutu ditu azken asteetan, URA Agentziaren eta Udalaren arteko lankidetza-protokoloaren baitan.
Lanak Andra Mari kaleko zubitik Montevideo Etorbideko zubira arteko ibai-zatian egin dira. Esku-hartzearen barruan, eraikinen hormetatik irteten ziren hainbat zuhaitz moztu dira, eta ibaiertzean dauden beste zuhaitz batzuetan inausketa-lanak egin dira.
Jarduketaren helburu nagusia izan da ibaira begira dauden etxebizitzetako leihoen ingurua begetaziotik libre uztea eta erortzeko arriskuan zeuden zenbait zuhaitz kentzea. Horrez gain, prebentzio-neurri gisa, uholde-garaian adarrek edo zuhaitzek Montevideo Etorbideko zubian trabak sortzeko arriskua murriztea bilatu da, uraren joan-etorria erraztuz eta uholde-arriskua gutxitzen lagunduz. Lanek 7.800 euroko aurrekontua izan dute.


