Zaparradak handiagoak izango dira, zenbait tokitan txingorra egin dezake

EGURALDIA | Larunbatean ezegonkortasuna handiagoa izango da, zaparrada giroa nagusituko da eta arratsaldetik aurrera mardul bota dezake. Egunaren bigarren zatian zaparradak handiagoak izango dira, zenbait tokitan txingorra egin dezake eta ekaitz-guneetan haizea asko zakartu daiteke. Egunsentia epela izango da, bereziki ipar isurialdean eta tenperatura minimoak egunaren bukaeran neurtuko dira. Maximoak zertxobait jaitsiko dira, hala ere, balio suabeetan jarraituko dute, 20 ºC baino pittin bat gorago mugituko dira. Hego-osagaiko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, eta arratsaldean indarra galduko du eta Kantauri isurialdean mendebal eta ipar-mendebaldera aldatuko da.


