DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Jantoki Eko-Arduratsuaren ziurtagiria lortu du Durangoko Kurutziaga ikastolak 

Estatuan errekonozimendu hau jasotzen duen lehenengo ikastetxea da

Estatuan errekonozimendu hau jasotzen duen lehenengo ikastetxea
Ausolanekin batera Bureau Veritasen eskutik

DURANGO | Kurutziaga ikastolak Jantoki Eko-Arduratsuaren ziurtagiria jaso du gaur, Ausolanekin batera Bureau Veritasen eskutik. Horrela, ikastolak elikadura osasuntsuaz haratago, eguerdietako tartean martxan jarritako proiektu integrala saritu dute. Ikastolako sukaldean prestatutako janaria, zero kilometroa, sasoiko produktuen kontsumoa, inguruko baserritarrekin elkarlana, naturarekin lotutako jolastoki zabala, aisialdia eta elkarbizitza batzen ditu egitasmoak. Horrela, estatuan errekonozimendu hau jasotzen duen lehenengo ikastetxea da Kurutziaga.

Orain hamar urte jantoki ereduaren inguruko aldaketa planteatu zuen Kurutziagak, guraso talde batekin hausnarketa sakona eginez. “Apustu bat egin genuen bertoko eta sasoiko produktuak ikastetxeko menuetan gehitzeko. Prozesuaren abiapuntuan, bazkari osasungarriagoa eta inguruko baserritarren produktuak kontsumitzea izan zen helburua. Ildo honetatik, produktu hauen gehikuntza eta hobekuntzak txertatzen joan gara urteetan zehar. Eta produktuak aipatzen ditugun heinean, sortzen den zaborra ere jasangarritasunaren irizpide berberekin kudeatzen da”, azaldu du Urko Rodriguez Kurutziagako zuzendariak. Horren adibide dira ikastolako jantokian kontsumitzen diren hainbat produktu, ogi integrala eta oliba-olio birjina, esaterako. Era berean, hamabostean behin jantokian menu begetarianoa prestatzen dute. Azpimarratzekoa da Durangoko ikastolan egunean 800 menu baino gehiago prestatzen direla.

Bazkaloste proiektua

Kurutziaga ikastolan, ikasleen AISIA gelako ekintzetatik kanpo ikasleek elkarrekin gozatuz garatzen dituzten lagun arteko bizipen eta une legez ulertzen dute. Bazkalostea horietako unea dugu. Jantokiko zerbitzu kuotaren baitan kokatzen da, kostu gehigarririk gabe. Berdinen arteko desberdintasunak gaindituz.

Prozesu honetan zehar beste aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen ikastolan: jolas lekuaren espazioaren birplanteamendua, momentu horretan aukera anitzak eta askoz ere aberatsagoak garatzeko aukera eskaintzen zuena. Lehenengo zeregina ikasleekin lanketa gauzatzea izan zen. Galdeketa bidez, beraien interes eta nahien inguruko informazioa jaso zuten HHn, LHn eta DBHn eta iritzi horietatik eta irakasleen gogoetatik diseinatu zuten gune desberdinetan antolatu eta izaera desberdina zuen aisialdi eredu berria (kirola, sormena, jolas kooperatiboa,…).

Horrela, elikaduraren eta jasangarritasunaren arloez gainera, zaintza, elkarbizitza eta aisialdia elementu garrantzitsu moduan proiektura batu ziren. Hau guztia kontuan hartuta, erabaki estrategikoak hartu zituzten. Batetik, eguerdiko tartea atsedengune bat izatea. Bestetik, eskolaz kanpoko jardunak ikastolatik kanpo kokatzea berdinen arteko ezberdintasunik gertatu ez dadin.

Kurutziagarentzat sari hau azken urteetan ikastetxeak egindako ahaleginaren emaitza da. “Urteak daramatzagu proiektu integral hau lantzen, eta bidean ziurtagiri hau jasotzea pozgarria da denontzat”, gaineratu du Rodriguezek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top