Gaur hodeitsu mantenduko da eta tenperaturak behera egingo du

EGURALDIA | Konrad depresioak eguraldiaren aldaketa ekarriko du datozen ordu eta egunetan. Negua amaitzear dela, ezegonkortasuna areagotu egingo da Durangaldean: euria egingo du, giroa gero eta hotzagoa izango da, ekaitzak izateko arriskua dago eta elurra 1.000 metrora jaitsiko da gaur gauean, baina bihartik aurrera 900 metrora jaitsiko da eta asteburuari begira 600/700 metrotan mantenduko da.

Asteazken goizean giroa lasai samarra izango da barnealdean, baina leku batzuetan, batez ere kostaldetik gertu, euria egin dezake. Mendebaldeko haizea ibiliko da, itsasertzean biziago, eta hegoaldean zerua nahiko garbi egongo da. Arratsaldean haizeak iparraldera egin eta euria ugariagoa izango da; iparraldean ez ezik, hegoaldean ere egingo du euria. Elur-kota jaisten joango da eta egunaren amaieran 1000 m inguruan egon daiteke. Tenperatura maximoak asteartekoen antzekoak izango dira.
