DOT Durangaldea

Osakidetzak Laudioko anbulatorio berria martxan jarri du

Bertan, Lehen Mailako Arreta eskainiko dio Laudion bizi diren 24.600 pertsonatik gorako biztanleriari

Astelehenean, irailak 21, martxan jarriko du Laudioko Anbulatorio berria

LAUDIO | Osakidetzak, datorren astelehenean, irailak 21, martxan jarriko du Laudioko Anbulatorio berria, San Martin kaleko 10. zenbakian. Zentro berriak Lehen Mailako Arreta eskainiko die udalerriko bizilagunei, 24.600 pertsonari baino gehiagori —horien artean, 2.200 haur baino gehiago daude—, baita ospitalez kanpoko arretako eta kanpo-kontsultetako eta osasun mentaleko zerbitzuak ere Aiaraldea eskualdean (Amurrio, Laudio, Luiaondo, Okondo, Orozko, Urduña eta Arespalditza) bizi direnei, 41.700 pertsonari baino gehiagori.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 19 milioi euro bideratu ditu azpiegitura horretara. Obrak 2023aren amaieran hasi ziren, eta uda honetan amaitu dira. Eraikinak 7.972 metro koadroko azalera eraikia du, zazpi solairutan banatuta (lurpeko bi solairu, beheko solairua eta beste lau), eta horri esker, espazioak handiagoak dira eta pazienteak eta profesionalak erosoago egongo dira, Zumalakarregi kaleko aurreko instalazioekin alderatuta. Era berean, sestra azpiko aparkaleku bat dago bertan, 70 plaza inguru dituena, osasun-langileak lanpostura errazago hel daitezen.

Obra Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programaren barruan kokatuta dago (1.600 milioi euro), eta bat dator Lehen Mailako Arreta indartzera bideratutako Euskadiko Osasun Planaren ildo estrategikoekin.

Asistentzia-bolumen handiari erantzutea

2025ean eremu horretan erregistratutako jarduerak erakusten du baliabide honen benetako dimentsio asistentziala:

Lehen Mailako Arreta eta Larrialdiak: Iaz, programatutako 155.000 kontsulta baino gehiago artatu ziren (helduen arreta kontuan hartuta), eta horiei Etengabeko Arreta Gunean (EAG) emandako arreta gehitu behar zaie, 21.000 zerbitzu baino gehiago.

Kanpo-kontsultak eta probak: Kontsulta espezializatuak 45.400 baino gehiago izan ziren, eta erregistratutako proba diagnostikoak, 89.000 inguru.

Barrualde-Galdakaoko ESIko anbulatorio berriak hainbat osasun-prestazio biltzen ditu eremu bakarrean, arlo hauetan antolatuta:

  • Lehen Mailako Arreta: Familiako Medikuntza, Pediatria, Familiako eta Komunitateko Erizaintza, Pediatriako Erizaintza, Aho-hortzen Osasuna, Fisioterapia eta Praktika Aurreratuko Erizaintza.
  • Etengabeko Arreta Gunea (EAG)
  • Ama-haurren arreta: Ginekologiako, Emagintzako eta Tokoginekologiako kontsultak, Erditzeko prestakuntza eta Edoskitze-eremu bat.
  • Ospitalez kanpoko medikuntza: Digestio-aparatua, Kardiologia, Kirurgia, Dermatologia, Endokrinologia, Neurologia, Pneumologia, Oftalmologia, Erreumatologia, Traumatologia eta Urologia.
  • Errehabilitazioa: Errehabilitazioko eta Fisioterapiako kontsultak eta Gimnasioa.
  • Osasun mentala: Psikiatriako 2 kontsulta, Haurren Psikiatriako 1 kontsulta, Helduen Psikologiako 1 kontsulta, Gizarte-laneko 1 kontsulta eta Erizaintzako 2 kontsulta, helduentzako eta haurrentzako itxarongela bereiziekin.
  • Ikerketa-gela.
  • Etxeko Ospitalizazioa.

Gemma Fernández Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari-gerentearen hitzetan, “Zentro berria mugarria izango da, profesional eta pazienteentzako espazio erosoagoak izango dituen azpiegitura modernoa delako”.Zentro handia da, bertan 90 profesional inguruk lan egingo dutelako udalerriko 24.600 pertsonatik gorako biztanleriari arreta emateko, kontuan izanda, horiei ez ezik, 43.000tik gorako biztanleei ere ospitaleko arreta eskainiko dietela; kopuru handiak dira, beraz, halako dimentsioak dituen zentro baterako”.

Zentro berria irekiz, Osakidetzak berretsi egiten du osasun publikoa eta hurbileko arreta modernizatzeko duen konpromisoa, eta Laudiori eta Aiaraldeari abangoardiako azpiegitura bat eskaintzen die, herritarren egungo eta etorkizuneko beharretara egokitua.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top