DOT Durangaldea

“Hauxe da dagoena”: Zornotzako geltokiko igogailuaren utzikeria salatu dute

Geltokiko igogailuaren utzikeriak itzulinguru luzeak egitera behartzen ditu gurpildun aulkiak edo haur-kotxeak daramatzaten herritarrak

Igogailuko kristala erabat apurtuta dago

AMOREBIETA-ETXANO | “Hauxe da dagoena”. Oso haserre hasi du bere kontakizuna Zornotzako bizilagun batek, mugikorrarekin Euskotrenen geltokiko igogailuaren egoera tamalgarria grabatzen duen bitartean. Eguneroko irisgarritasun oztopoak agerian uzten dituen salaketa honek herritar askoren sutan jarri du; izan ere, kaltetuen esanetan, arazoak bi urte inguru daramatza konponbide sendorik jaso gabe.

Matxuraren jatorria begi-bistan dago bideoan: ekintza bandaliko baten ondorioz, igogailuko kristal handi bat erabat hautsita ageri da. Txikizioa berehala konpondu beharrean, itxurakeria hutsezko “irtenbidea” eman zioten garai batean, zinta isolatzaileekin itsatsita. Gainera, pasadan astean igogailua erabat zerbitzuz kanpo geratu zen, ateak enbofatuta eta trabatuta zeudela. Egoera honek zuzenean jotzen du herriko kolektibo zaurgarrienen aurka: eskailerak igo ezin dituzten adinekoak, haur-kotxeak daramatzaten gurasoak edo erosketekin doazen herritarrak.

“Gero eta okerrago dago”

Igogailurik gabe, trenbidearen beste aldera igarotzeko edo aldapa gainditzeko dagoen alternatiba bakarra oinezkoentzako bide luzeago bat egitea da. “Umeekin, karroarekin edo eskailerak igo ezin dituen jendearekin bagoaz, herriaren beste muturreraino joan behar dugu etxeraino iristeko. Egun osoan lan egin ondoren, hau ez da batere atsegina inorendako”, adierazi du zornotzarrak DOT komunikabideari bidalitako bideoan.

Gauzak horrela, auzokideek gogor kritikatu dute hilabeteak igaro ahala instalazioaren egoera makurtu besterik egiten ez duten “adabakiak” jartzeko politika hori. Mugikortasun arazo honek auzoko bizi-kalitatea kaltetzen duela-eta, erakundeen inplikazio zuzenagoa eskatu dute behingoz. “Egunero jasaten dugu hau eta, itxuraz, ez dago honetarako aurrekonturik”, amaitu du bizilagunak, kaltetutako elementu guztiak erabat berritzeko eskatuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top