Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta horrek tenperaturak 20 ºC-tik gora igotzen lagunduko du

EGURALDIA | Larunbatean zaparradak botako ditu berriro eta ekaitzak izateko probabilitatea handitu egingo da. Giro ezegonkorrarekin jarraituko dugu, batez ere eguerditik aurrera; orduan zaparradak eta ekaitzak mardulak izango dira eta txingorra egin dezake. Goiza lasaiagoa izango da, hodeiak eta ostarteak agertuko dira, baina zaparrada bakanen bat baztertu gabe. Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta horrek tenperaturak 20 ºC-tik gora igotzen lagunduko du. Eguerditik aurrera brisa sartuko da kostaldean, eta arratsaldean eta gauean haize-bolada gogorrak izan daitezke ekaitz-guneetan.