DOT Durangaldea

Durangok herriko kirol eskaintza zabala erakutsiko du asteburuan Landako Gunean

‘Durangoko Kirol Egunak’ ekimenaren bigarren edizioak 21 klub eta elkarte bilduko ditu

Topaketak herriko 21 klub eta elkarte biltzeko balioko du.

DURANGO | Durangoko kirol elkarteek eta haien bueltan dabiltzan kirolariek Landako Gunea hartuko dute asteburu honetan, ‘Durangoko Kirol Egunak’ jardunaldien bigarren edizioan. Ekainaren 13an eta 14an, herriko 21 klubek eta elkarteek bat egingo dute herritarrei euren eguneroko lana bertatik bertara erakusteko eta herrian dagoen kirol aniztasun handia ezagutarazteko.

Eskaintza ez da makala izango. Larunbatean (10:00-14:00 eta 16:00-20:00) zein igandean (10:00-14:00), bertaratzen direnek era guztietako diziplinak ezagutu eta probatu ahal izango dituzte: futbola, rugbia, eskubaloia, igeriketa, txirrindularitza, mendizaletasuna, triatloia, padela, boleibola, xakea, pilota, arkularitza edota arte martzialak, besteak beste.

Gainera, egitarauaren barruan bi hitzordu berezi egongo dira. Batetik, Street Workout Together taldeak kalistenia saioak gidatuko ditu Ibaizabal parkean larunbatean: goizeko 10:00etatik 12:00etara 18 urtetik gorakoentzat, eta 12:00etatik 14:00etara 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Bestetik, igandean, kirola eta musika uztartuko dituen zunbatoi ireki batekin girotuko dute Landako Gunea, 10:00etatik 11:50era.

Kluben lana balioan jartzeko unea

Iker Txertudi Kirol zinegotziak ekimenaren aurkezpenean adierazi duenez, klub hauen guztien atzean “dedikazio, konpromiso eta talde-lan ordu asko” daude, eta asteburuko topaketa aukera paregabea da esfortzu hori guztia argitara ateratzeko. Zinegotziaren ustez, azoka honek Durangoko kirolaren “indarra eta aniztasuna” islatzen ditu espazio bakar batean.

Parte hartuko duten elkarteak:

• Alpino Tabira Mendizale Taldea
• Arkulariak
• Arripu Futbol Kluba
• Club Pelotazale Durango
• Cultural Deportiva de Durango
• Durango Rugby Taldea
• Haszten
• Ibaizabal Eskubaloi Taldea
• Indar Xsport
• Larrasoloeta Xake Taldea
• Mendibeltz Kirol Taldea
• Mobidurango
• Mugarra Triatloi Taldea
• Ninjutsu Wadokan
• Ouraiby Kirol Elkartea
• Padelzaleak
• Sapuberri Boleibol Taldea
• Sociedad Ciclista Duranguesa
• Tabira Igeriketa Taldea
• Torneos Durango
• Uztai Taldea

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top