DOT Durangaldea

Durangok berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxista saihesteko dirulaguntzen deialdia ireki du

Deialdiaren helburua da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen eta Durangon indarkeria matxista prebenitzen eta ezabatzen laguntzen duten proiektuak babestea

Aurkeztu beharko dira uztailaren 16ra bitarte

DURANGO | Durangoko Udalak dirulaguntzen deialdia ireki du 2026an emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxista saihesteko eta ezabatzeko ekintzak egiteko. Ekimen honen bidez, Udalak esparru horietan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeek egiten duten lana babestu nahi du, eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean jarraitu.

Deialdiak erakunde eskatzaileen urteko programazioan jasotako programak eta jarduerak finantzatuko ditu, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzera eta indarkeria matxista prebenitu eta ezabatzera bideratuta. Udalak arlo horietan garatutako jarduerak osatzen edo, hala badagokio, ordezten dituzten proiektuek jaso ahal izango dute laguntza.

Diru-laguntzak dagozkien erregistroetan inskribatuta dauden eta jarduerak Durangon egiten dituzten edo Durangoko biztanleei zuzenduta dauden irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteentzat dira. Era berean, administrazio publikoekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte. Merkataritza-sozietateak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.

Deialdiak 15.000 euroko zuzkidura du guztira, aurreikusitako bi jarduera-ildoekin lotutako proiektuei laguntzeko. Emandako diru-laguntzak ezin izango du aurkeztutako aurrekontuaren %75 gainditu, eta erakunde bakoitzak gehienez 5.000 euro jaso ahal izango ditu. Gainera, laguntza horiek bateragarriak izango dira helburu bererako beste diru-laguntza batzuekin, baldin eta guztizko finantzaketak jardueraren kostua gainditzen ez badu.

Eskabideak Durangoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira uztailaren 16ra bitarte, egun hori barne, erakunde eskatzailearen egoera eta ordezkaritza egiaztatzeko eskatzen diren agiriekin batera.

Proiektuak baloratzeko, besteak beste, aurkeztutako programaren kalitatea, erakundeak berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak, emakume zaintzaileak, emakume migratuak edo bazterketa-arriskuan dauden emakumeak kontuan hartzea, elkarteen arteko lankidetza eta euskararen erabilera hartuko dira kontuan. Diru-laguntza jasotzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak toki elkarte eta erakundeek arlo horretan egiten duten lanari balioa eman nahi izan dio: “Elkarteek funtsezko zeregina dute berdintasunaren sustapenean eta indarkeria matxistaren prebentzioan. Kolektibo desberdinetara iristeko duten gertutasunari, konpromisoari eta gaitasunari esker, gure udalerriko bizitza aberasten duten sentsibilizazio, babes eta partaidetza guneak sortzen laguntzen dute. Udaletik lan horretan laguntzen eta babesten jarraitu nahi dugu, gizarte berdinzaleago baterantz aurrera egiteak udalerri osoaren inplikazioa eta baterako lana eskatzen baitu; horregatik jarri dugu martxan, bigarren urtez jarraian, diru-laguntza lerro hau”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top