Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak antolatuta, erakusketa urtarrilaren 5era arte egongo da ikusgai
DURANGO | Azokarekin bat eginez eta bigarren urtez jarraian, Durangok Basarte euskal eskulturaren azoka izango du. Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak antolatuta, inaugurazioa ostegun honetan izango da, 12:00etan, eta 85 artistaren 150 eskultura ikusi ahal izango dira bertan.
Euskal eskulturaren azoka Gandarias aretoan egongo da martxan (Arkotxa kalea, 5), eta bihar hasi eta igandera bitartean hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira euskal eskultore eta lan ugari ezagutarazteko. Ekimenaren bultzatzaileek erakusketa zabalik izango dute datorren urtarrilaren 5era arte. «Interesa duten pertsonek eskulturak erosi ahal izango dituzte, eta ikusgai egongo dira 10:00etatik 20:00etara, ostiraletik igandera eta datorren astetik aurrera, asteartetik larunbatera, arratsaldez eta larunbat goizez», zehaztu dute antolatzaileek.
Azokak ‘Euskal Eskultur Gaur‘ liburua aurkezteko ere balioko du, eta 80 artista baino gehiago ezagutaraziko ditu bertan: Koldobika Jauregi eta Vicente Larrea, aurten hildako eskultoreak.
Bestalde, herriko ikasleekin batera eta Durangaldeko Artisten Elkartearen laguntzarekin, Mikeldi txikiak egiteko tailerrak antolatuko dira. Iaz, Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak egurrezko lau metroko Mikeldi bat jarri zuen Durangoko Madalenoste plaza txikian. “Azoka amaitzen denean ez du hemen jarraituko, lurzoru pribatua delako. Pena da Durango utzi eta beste norabait joatea; baliteke Bilbora joatea, jatorrizko Mikeldiarekin gertatu zen bezala “, deitoratu du Guillermo Olmo Eskuahaldunak-eko presidenteak.