DOT Durangaldea

“Antzar egunaren masifikazioak gero eta ondorio handiagoak ditu”

Udalak Bizkaibusi 2027ko Antzar Egunean autobus zerbitzua mugatzeko neurriak hartzeko eskatu dio

LEKEITIO | Lekeitioko Udalak Antzar Egunaren inguruan azken urteotan bizi izan den masifikazioaren gaineko kezka azaldu du, eta 2027ko Antzar Egunari begira Bizkaibus zerbitzuan neurriak hartzeko proposamena helarazi dio Bizkaiko Foru Aldundiari.

Udalaren ustez, Antzar Egunean Lekeitiora iristen den pertsona kopuruak herriaren ahalmena gainditzen du, eta horrek eragin zuzena du segurtasunean, bizikidetzan, irisgarritasunean, hondakinen kudeaketan eta jaiaren nortasunean.

Antzar Eguna gero eta jendetsuagoa dela nabarmendu du Udalak. Egun horretan, bereziki plaza ingurua, parkea eta portua jendez gainezka egoten dira, eta kaleetan sortzen den pilaketak herritarren eguneroko mugikortasuna zailtzen du.

 

Masifikazio horri hondakinen pilaketa ere gehitzen zaio: botilak, edalontziak eta bestelako hondakinak kalean eta espazio publikoetan pilatzen dira, eta zenbait gunetatik igarotzea bera ere zaildu egiten da. Egoera horrek hainbat ondorio ditu:

1.- Herriko hainbat herritarrek, tartean adinekoek, haurrek eta osasun- edo autonomia-mugak dituzten pertsonek, etxean geratu edo herritik kanpora jo behar izaten dute egun horretan.

2.- Masifikazioak jaiaren kudeaketa zailtzen du, eta gero eta taberna gehiago itxita egotea eragiten du.

3.- Jaiaren izaera eta nortasuna desitxuratzeko arriskua dago, herriko hainbat sektore jai-girotik kanpo geratzen direlako eta bizikidetza zailtzen delako.

4.- Jende pilaketak berak arrisku egoerak sortzen ditu.

5.- Larrialdi egoera baten aurrean, zerbitzuen esku-hartzea eta herrian zehar mugitzeko aukera nabarmen zaildu daitezke.

6.- Egun horretan sortzen den hondakin eta kutsadura maila ez da jasangarria, are gutxiago egungo ingurumen-krisiaren testuinguruan.

Neurriak

Egia da Antzar Egunean beti egon dela jende ugari, eta jendetza jaiaren erakargarritasunaren parte ere badela. Hala ere, masifikazioaren aurrean neurriak hartzea beharrezkoa dela uste du Udalak, egoerak kudeaezina izatera iritsi aurretik.

Era berean, Udalak ez du eztabaida balorazio subjektiboetara eraman nahi, eta egoeraren azterketa adierazle objektiboetan oinarritu nahi du.

Ildo horretan, Lekeitiok bere azalera eta hirigintza-ezaugarriak kontuan hartuta egun bakarrean pertsona kopuru oso handia hartzeko mugak dituela nabarmendu du. Horregatik, herriaren gaitasunarekin bat datozen neurriak hartzea ezinbestekotzat jo du.

Iazko Antzar Egunaren inguruko datuei dagokienez, azken urteotan egun horretarako egun arruntetan baino 68 errefortzu-autobus gehiago ipini ziren. Autobus bakoitzak batez beste 60 bidaiari eramango balitu, horrek 4.080 pertsonako ahalmena suposatuko luke. Udalaren arabera, ordea, benetako kopurua handiagoa izan ohi da, eta kopuru hori bikoiztera ere irits daiteke.

Horrez gain, autobus pribatuen presentzia ere handitzen ari dela ohartarazi du Udalak.

Adosteko proposamena

Testuinguru horretan, Lekeitioko Udalak proposatu du 2027ko Antzar Egunean egun arrunt bati dagokion autobus zerbitzua eskaintzea, errefortzu berezirik gabe, edo, gutxienez, Lekeitiok modu seguruan eta jasangarrian har dezakeen pertsona kopuruarekin bat datorren zerbitzu bat ezartzea.

Udalaren arabera, neurri horren helburua ez da Antzar Egunera etortzea eragoztea, baizik eta Lekeitioren gaitasunarekin bat datorren eta herritarren segurtasuna, bizikidetza eta irisgarritasuna bermatuko dituen mugikortasun-eredua sustatzea.

Bizkaia osoan jai egunetan 15 minutuko maiztasuna duen Bizkaibus zerbitzua ez da ohikoa. Bilboko Aste Nagusia eta Antzar Eguna dira, besteak beste, zerbitzu berezi horren adibideak.

Elkarlanerako prest

Gaia berehala lantzen hasteko Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bizkaibus zerbitzuarekin 2027ko Antzar Egunera begira irtenbide adostu eta jasangarria bilatzeko prestutasuna daua Udalak.

Denboraz ga​biltza egoera ganoraz aztertzeko eta neurriak elkarlanean diseinatzeko. Horregatik, gure proposamena mahai gainean jarri eta Bizkaibusen arduradunekin lehenbailehen hitz egin nahi dugu.

Lekeitioko Udalaren helburua argia da: Antzar Eguna herritar guztientzat ahalik eta inklusiboena, seguruena eta jasangarriena izatea, jaiaren nortasuna eta herriaren bizikidetza zainduz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top