DOT Durangaldea

Athletic esku-hutsik itzuli da Tenerifetik jokoan nagusi izan arren (2-0)

Padillak eta Gramagliak bigarren zatian sartutako golek eten dute lehoien bolada ona

Datorren larunbatean Real Madril hartuko dute Lezaman

KIROLAK | CD Tenerifek eten egin du Athletic Cleb-en emaitza onen segida F Ligako bederatzigarren jardunaldian. Víctor Martínek zuzentzen duen taldeak neurketaren zati handienean jokoaren ekimena eta nagusitasuna erakutsi baditu ere, kanpoko taldeak ez du asmatu ate aurrean eta txandakariek beren aukerak baliatu dituzte hiru puntuak etxean uzteko.

Partida ordu aldaketarekin eta ohiko baino egoera okerragoan zegoen zelaian hasi zen, LaLiga Hypermotioneko CD Tenerife-FC Andorra neurketa egun berean jokatu baitzen Heliodoro Rodríguez Lópezen. Hala ere, zelaiaren egoerari aitzakiarik jarri gabe, zuri-gorriak sendo zelairatu ziren.

Elexpuruk izan zuen lehen abagunea jaurtiketa indartsu batekin, eta Pinedok ere saiakera egin zuen falta-jaurtiketa batean. Partidako une nagusia 28. minutuan iritsi zen: epaileak penaltia adierazi zuen atezainak Amaia Martínez bultzatu ostean, baina FVS sisteman jokaldia berrikusi ondoren, erabakia atzera bota zuen. Athletic nagusi izaten jarraitu zuen, baina aukerak urritu egin ziren atsedenaldira iritsi baino lehen (0-0).

Bigarren zatia

Aldageletatik igaro ostean, etxekoek indartsuago ekin zioten bigarren zatiari eta lehen aukeran zigorra ezarri zuten: 50. minutuan Padillak buruz sartu zuen lehen gol ikusgarria, Nanclaresek ezer egiterik izan ez zuela.

Athleticek berehala erantzun nahi izan zuen eta Camposek langara bidali zuen jaurtiketa bat. Desabantailari aurre egiteko, Víctor Martínek zelaiaratze bikoitz eta hirukoitzak egin zituen: Azkona, Sara Ortega, Jone Amezaga eta Vilariño sartu ziren taldeari sakontasuna emateko. Saiakerak saiakera, 88. minutuan Gramagliak areako aldaratze bat baliatu zuen azken 2-0ekoa egiteko.

Hurrengo erronka

Athleticek datorren larunbatean, azaroaren 8an, 16:30ean, izango du porrot honi erantzuna emateko aukera. Lehoiek Real Madril hartuko dute Lezaman, etxean galdu gabe daramaten bolada ikusgarriari eusteko helburuarekin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top