Oraingo honetan etxetik kanpo, Gimnastica Segovianaren zelaian

FUTBOL | Urdinek euren hirugarren 1-1eko markagailua jarraian lortu zuten atzo. Oraingo honetan etxetik kanpo, Gimnastica Segovianaren zelaian. Berlangak etxekoak aurreratu zituen 14an, baina laster bueltatu zuen berdinketa markagailura Alvaro Marinek. Natxo Gonzalezen mutilak hobeak izan ziren neurketaren lehen orduan, baina ezin izan zuten etekinik atera gol gehiago lortuz eta azken txanpan aurkaria izan zen gora joan dena, haiek ere arrakasta barik.
SDA ondo hasi zen, arerioaren area inguratuz. Hala ere, lehen ordu laurdena bete baino lehentxeago, gureen akatsak aprobetxatuz, Berlangak ez zuen barkatu. 1-0ekoaren ostean, urdinek ondo erreakzionatu zuten eta gola bilatzen jarraitu zuten. 18. minutuan aurkitu zuten, Alvaro Marinek Ericen erdiraketa sare barrura bidali zuenean. Gureek baloia mugitzen jarraitu zuten arriskua sortzeko zuloen bila, baina aukerarik onenak geldikako ekintzetan heldu ziren. Oliva atezainak Marinen bigarren gola eragotzi zuen eta gero geldiketa bikaina egin zuen Herviasek atsedenaldira iritsi aurretik jaurtitako faltan 1-2ekoa sahiesteko.
Aldageletatik igaro ostean, urdinek gogotsu jarraitu zuten garaipenaren bila. Aurkariek zornotzarren jokoa geldiarazten zuen berdinketa mantentzeko. Area ertzeko falta batean, Herviasek berriro abisatu zuen, gutxigatik kanpora joan zen saiakera batekin. Minutuek aurrera egin ahala, urdinen nagusitasuna lausotzen joan zen. Etxekoak lerroak aurreratzen eta arrisku-sentsazioa sortzen joan ziren. Segovianak gola lortu zuen amaieratik ordu laurdenera, baina jokaldia baliorik gabe geratu zen jokoz kanpo zegoelako. Azken txanpan, bi taldeak garaipena lortzen saiatu ziren, baina inor ez zen horretarako gai izan eta puntu batekin konformatu behar izan zuten.