LS.4, Euskal Herriko Beatbox, Hegoa eta MUSIKIDE izango dira Musika Bulegoak, Durangoko Udalak eta San Agustín Kulturguneak sustatutako ekimenean parte hartuko duten proiektuak

DURANGO | Euskal Herriko musika sektoreko lau proiektuk parte hartuko dute Musik(H)abian ekintzailetza programaren lehen edizioan. Musika Bulegoak, Durangoko Udalarekin eta San Agustín Zentroarekin elkarlanean sustatutako ekimenak 26 hautagaitza jaso ditu deialdi irekian. Horietatik hiru hautatu dituzte, eta laugarren proiektua Durangoko Udalak berariaz egindako deialdiaren bidez aukeratu dute.
Hautatutako proiektuak LS.4, Nuria López Garcíarena; Euskal Herriko Beatbox, Boris Leizearena; Hegoa, Mikel Acosta Iraundeguik bultzatua; eta MUSIKIDE, Natale Murray Barandikarena, dira.
Lau proposamen
LS.4 – Nuria López García. Sorkuntza eszeniko irisgarriaren aldeko proiektua da, musika garaikidea, zeinu-hizkuntza, dantza, bibrazioa eta bideoa uztartzen dituena. Entzuleei zein pertsona gorrei zuzendutako proposamenak garatzen ditu, irisgarritasuna sorkuntza-prozesuaren hasieratik txertatuta. Traducciones efímeras lana 2026ko ekainean estreinatu zuen Donostiako Dabadaba aretoan, Ainara Rodríguez, Itxaiz Otalvaro eta Dánae Riañorekin batera.
Euskal Herriko Beatbox – Boris Leizea. Orodreth izen artistikoarekin ezaguna den sortzaileak Euskal Herriko beatbox eszena garatu eta profesionalizatu nahi du. Proiektuaren ardatz nagusia Euskal Herriko Beatbox Txapelketa da, 2012an sortu eta zazpi edizio izan dituena. Musik(H)abian programaren bidez, txapelketa urteroko hitzordu gisa sendotzeko eta jarduera zabaltzeko eredu bideragarri eta jasangarria garatuko du. Horretarako, tailerrak, prestakuntza, erakustaldiak, ikus-entzunezko edukiak eta kontratazio artistikoa landuko ditu.
Hegoa – Mikel Acosta Iraundegui. Euskal Herriko soinu-memoria eta musika-ondarea berreskuratu, zaindu eta nazioartean zabaltzea du helburu, arreta berezia eskainiz musika esperimental garaikideari eta soinu-artxiboei. Diskogintzan, musika-kuradoretzan, soinu-pedagogian eta irratian garatzen du jarduera, Euskal Herriaren eta Londresen artean. Besteak beste, Audiolab artxiboaren kudeaketa eta Artelekuren ondarearen jarraipena hartzen ditu barne.
MUSIKIDE – Natale Murray Barandika. Euskal Herriko musika-ekosistemako eragileen arteko harremanak errazteko plataforma digital profesional bat sortzea proposatzen du. Interpreteek, sortzaileek, teknikariek, aretoek, jai-batzordeek, diskoetxeek eta sektoreko beste profesional batzuek beren profilak erakutsi eta lankidetzak aurkitu ahal izango dituzte, interes eta beharretan oinarritutako bilaketa- eta gomendio-sistema baten bidez. Proiektua Durangoko Udalaren deialdi espezifikoaren bidez hautatu dute.
Prestakuntza
Musik(H)abianek 10 asteko iraupena izango du: urriaren 14an hasi zen, eta abenduaren 16an amaituko da. Programak aurrez aurreko 40 orduko prestakuntza eta banakako mentoretzako 25 ordu uztartzen ditu, parte-hartzaileei beren negozio-ereduak garatzen eta proiektuen bideragarritasuna indartzen laguntzeko.
Saioetan, musika-ekintzailetzarako funtsezko gaiak landuko dituzte: negozio-ereduen diseinua, produktu eta zerbitzuen garapena, marketina eta markaren posizionamendua, lege-alderdiak eta jabetza intelektuala, monetizazioa, banaketa, nazioartekotzea eta sare profesionalen sorrera. Jarduerak Durangon eta Errenterian egingo dituzte.
Horrez gain, proiektu bakoitzak 1.500 euroko dirulaguntza jasoko du programari lotutako gastuei aurre egiteko. Halaber, Must +PRO Euskal Herriko musikaren topaketa profesionaleko pitching saioetan beren proposamenak aurkezteko aukera izango dute.
Lehen edizio honen bidez, Musik(H)abianek musika-sektoreko ekimenen profesionalizazioa eta sendotzea bultzatu nahi ditu, askotariko proiektuei garatzeko tresnak eta laguntza eskainiz: proposamen artistikoetatik hasi eta plataforma, ekoizpen-ekimen, zerbitzu eta musikarekin lotutako negozio-ideietaraino.
Elkarlana
Musik(H)abian Musika Bulegoak sustatutako ekimena da, Durangoko Udalaren babes nagusiarekin eta Agustinak Zentroaren lankidetzarekin. Hiru erakundeen ezagutza eta esperientzia bateratzea du oinarri.
Musika Bulegoak musikaren arloko ezagutza eta esperientzia eskaintzen ditu; Durangoko Udalak, berriz, udalerria sorkuntzaren eta musika-industriaren erreferente gisa sendotzeko estrategiaren barruan bultzatzen du programa. Agustinak Zentroak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren kultura- eta sormen-industrietako ekintzailetzan espezializatutako proiektu estrategikoak, programaren garapen metodologikoan laguntzen du eta Errenterian egingo diren saioetako batzuk hartuko ditu. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu.


