DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebietak ezin izan du punturik lortu Bilbao Athletici egindako bisitan

Bigarren zati osoa bat gehiagorekin jokatu arren, gureak ez dira Lezaman puntuak pilatzeko gai izan

Baloi geldiak SDA beste behin kondenatu duen partidan

FUTBOL | Urdinek ezin izan dute punturik lortu Bilbao Athletici egindako bisitan, baloi geldiak SDA beste behin kondenatu duen partidan. Lehoikumeek aurrea hartu dute korner bat aprobetxatuz, Iñigo Muñozek berdinketa egin du Eric Perezen erdiraketa baten ostean eta etxekoek 2-1ekoa egin dute penaltiz. Hori guztia atsedenaldiaren aurretik. Bigarren zati osoa bat gehiagorekin jokatu arren, zornotzarrak ez dira Lezaman puntuak pilatzeko gai izan.

Talde zurigorria izan da Regoren jaurtiketa gogor batekin abisatzen lehena. Marinok erantzun ona eman dio. Ordu laurdenera, aukera ona izan du etxeko taldeak, baina Iruritaren jaurtiketa gurutzatuegi atera da. 0-1ekoa 23. minutuan iritsi da, geldikako jokaldi batean, denboraldiko arazorik handienetako bat. Oraingoan korner batean, lehen zutoinean arerio batek buruz ukitu du eta Lete bigarren zutoinean agertu da baloia sareratzeko.

Hala ere, gureek berdinketa itzuli dute markagailura. Eric sukalderaino sartu da eta bere erdiraketa Iñigo Muñozek aprobetxatu du 1-1ekoa lortzeko. Urdinak bigarren gola sartzetik gertu egon dira, baina Selma ez da Javi Solaren pasera heldu. 2-1 jarri dena Bilbao Athletic izan da, penalti bati esker. Olabarrietak ez du barkatu 11 metroetatik 40. minutuan. Atsedenaldira iritsi aurretik, etxekoak bat gutxiagorekin geratu dira, Hierrok bigarren txartel horia ikusi baitu 42. minutuan. Selma berdinketa egiten saiatu da aldageletara joan aurretik, aterik aurkitu ez duten bi erremate arriskutsuekin.

Jokalari bat gehiagorekin, urdinak nagusi izan dira bigarren zatian, baina ezin izan dute abagune argirik sortu lehen txanpan. Muñozek 58. minutuan, jaurtiketa gogor batekin, Santos atezaina lan egitera behartu du. Handik gutxira, Yuste izan da zortea probatu duena, langatik hurbil joan den zartako batekin. Gertuago egon da Vicandiren burukada, baina Santosek geldiketa ona egin du 72an. Etxeko atezaina handi egin da berriro handik gutxira Vicandiren aurrean. Partidako albisterik onena 82an heldu da, Jon Azkuna gazte zornotzarrak debuta egin duenean lehen taldearekin. Urdinek borrokari eta aurkariaren area bilatzeari eutsi diote azken unera arte, baina etxekoak sendo eta serio egon dira atzean 3 puntuak lotzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top