Talde iurretarrak oroitzapenezko jarduerak antolatuko ditu datozen hilabeteetan

TRIATLOIA | Indarpak Kirol Elkarteak joan den igandean aurkeztu zuen 2025. denboraldia Iurretako plazan. Ekitaldi berezi honetan, klubeko kide guztiek argazki bat atera zuten 2025a ospakizunez betetako urtea izango dela iragarriz. Izan ere, aurtengo denboraldia berezia da Indarpak Kirol Klubaren historian, talde iurretarrak 10. urteurrena ospatuko duelako.
Klubak hamar urte beteko ditu kirolaren eta komunitatearen alde lanean, eta datozen hilabeteetan jarduera bereziak antolatuko ditu. Indarpak Kirol Elkartearentzat, 2025. urtea aukera paregabea izango da historian zehar egindako lanari balioa emateko eta etorkizuneko erronka berriak finkatzeko. “Eskerrak eman nahi dizkiegu taldearen babesle guztiei, baina batez ere Iurretako Udalari, gure babesle nagusia, urte hauetan guztietan emandako laguntzagatik eta kirola sustatzeko konpromisoagatik. Kirolaren balioak sustatzen eta komunitatea kirolaren bidez batzen jarraituko dugu “, azaldu dute.