Udalak haurrentzako espazioak berritzen jarraitzen du eta laster San Fausto eta Errotaritxuena haur-parkeak ere prest izango dira

DURANGO | Udalak espazio publikoak hobetzen jarraitzen du, haurrentzako jolas parke berriak jarriz eta udalerriko hainbat gunetan lurzoruak berrituz. Zentzu horretan, Ibaizabaleko haur-parke berria zabalik dago jada, eta datozen asteetan San Fausto eta Errotaritxuena auzoetakoak ere berrituko dira.
Ibaizabal auzoko berdegunean kokatutako haur-parkea berriak 63.830 euroko (gehi BEZa) aurrekontua izan du eta 155 m²-ko azalera du. 2 eta 14 urte bitarteko haurrentzat diseinatuta dagoen espazio honek, jolas inklusiboak ditu, besteak beste, egokitutako kulunka bat eta irisgarria den bowl birakari bat. Horrez gain, jolas kooperatiboa sustatzen duen sare egitura handi bat instalatu da, haur gehiagok elkarrekin jolasteko aukera emanez.
Bestalde, argiztapena hobetzeko, LED farola berri bat jarri da, eta garbitasuna bermatzeko, paperontzi bat. Era berean, berdegunea txukundu eta beharrezko hornidurak instalatu dira.
Era berean, toki administrazioak San Fausto eta Errotaritxuena haur-parkeen berrikuntzan ere lanean jarraitzen du, aisialdirako espazio seguruagoak, irisgarriagoak eta modernoagoak eskaintzeko helburuarekin.
Gainera, udalerriko hainbat parketako lurzoruak berritzen ari dira, urteko mantentze-planaren baitan, horien artean Faustegoiena, Astolabide, San Fausto, Zuhatzola, San Inazio, Landako Eskola eta Intxaurrondo aurkitzen dira.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi duenez, “haur-parkeak Udalaren aisialdi-estrategiaren oinarri garrantzitsuak dira. Parke berri hauek martxan daudelarik, San Inazio parkean estalkia jartzeko proiektuak aurrera doa eta aurten bertan gauzatuko da. Une honetan, xehetasunak amaitzen ari gara, eta urte amaierarako amaituta egotea aurreikusten dugu ”.
Bestalde, Intxaurrondo kalean, Tabirako haur-parke ondoan, ur-jolas eremu berria eraikitzeko lanak laster hasiko direla gogorarazi du. “2023ko aurrekontu parte-hartzaileen bidez herritarrek hautatutako proiektu honek 140.239 euroko aurrekontua du. Uda aurretik amaitzea dugu helburu, belaunaldien arteko topagune freskagarri eta inklusiboa eskainiz” adierazi du alkateak.