Guraso Alienazioaren Sindromearen aldeko mezu horiek kentzeko eskatu diote Udalari
DURANGO | Durangoko Andereak elkarteak GAS faltsua edo guraso- lienazioaren sindromea duten kartelak aurkitu ditu Durangoko hainbat gune eta kale-argitan. “Patologia hori ez da existitzen, eta haurrengan aiten aurkako gorrotoa sustatzea leporatzen die amei”, azaldu dute elkartetik.
Andereak elkarteak kartel horiek “berehala” kentzeko eskatu dio Udalari, emakumeen eta amen aurkako gorrotoa bultzatzen dutelakoan. “Kartel arrazistak, sexistak edo homofoboak jartzea onartuko litzateke? Ezetz uste dugu. Horregatik, buloetan oinarritutako propaganda hori berehala desagertu behar da kaleetatik “.
Talde durangarrak indarkeria bikarioa salatuko du hilabete honetako kontzentrazioan, “haurrak amak torturatzeko erabiltzen dituen estrategia. Aita gorrotatzaile eta misogino faltsuen tresnarik gogokoena da”, azpimarratu dute. Protesta ostegunean, hilak 30, izango da, 18:30ean, Andra Marin.
Juan Rivasen alde
Duela gutxi, Andereak taldeak bideo bat grabatu zuen Juana Rivasen alde, seme gazteena berarekin gera zedin, Juanak eta seme zaharrenak aitari tratu txarrak leporatu ondoren. Italiako Fiskaltzak berak berretsi zuen akusazioa, eta haurrak amarekin jarraitzea eskatu zuen. “Oraingoz, hala gertatu da. Juana Rivas da ezagunena, baina ez emakume guztiei eragiten dien bidegabekeria patriarkala pairatzen duen bakarra. Indarrean dauden legeak urratuz, SAP faltsua aplikatzen da, eta ez da kontuan hartzen “adingabearen interes gorena””, azpimarratu dute elkartetik
Durangoko Andereak elkartetik elkartasunezko aldarria egiten diete Juanari eta sistema judizialak eta indarkeria instituzionalak torturatutako ama guztiei. Baita Irune, Inma, Sara, Laura, Mercedes eta beste ama babesle askoren aldeko oihua da ere. “Gai hori benetako larrialditzat jotzen du, eta hileko kontzentrazioetara joateko deia egiten die emakume guztiei”, agineratu dute.